Eusko Jaurlaritzak deituta, alderdi politiko, sindikatu eta eragile gehienak Bilbon elkartuko dira bihar, Osakidetzaren aldeko herri ituna erdiesteko lehen bilera egiteko. ELA sindikatuari ere deitu diote parte hartzera, baina hark gaur jakinarazi du ez dela bilera horietan izango. ELAk nabarmendu du ez duela uste Jaurlaritzak «osasun politikak aldatzeko borondatea» duenik, eta horregatik egingo diola uko osasun itunean izateari.
Beste bi arrazoi ere plazaratu ditu bileretan parte ez hartzeko. Batetik, gaitzetsi du uztailean aparteko orduak «alde bakarrez» negoziatu zituela Jaurlaritzak SME medikuen sindikatuarekin, «gainerako eragileei jakinarazi gabe eta Osakidetzako mahaira deitu gabe». Bestetik, «gogoratu behar da ELAk ez duela elkarrizketa soziala deitutako mahaietan parte hartzen, mahai horien eduki faltagatik, eta langileen beharrei erantzuten ez dieten politika neoliberalak onartzeko plaza propagandistikoak direlako, sindikatuen eskariei muzin eginez», adierazi du sindikatuak ohar baten bidez.
ELAk esan du prest dagoela Osasun Sailarekin elkarrizketatzeko, baina nabarmendu du «oinarri partekatuak» behar direla horretarako, eta osasun itunak ez duela horrelakorik, «ez ELArekin behintzat». Negoziazio baterako zutabeek hauek izan behar dute, ELAren ustez: «Osasungintza publikoa indartzea eta osasun pribatura bideratutako baliabideak murriztea, lan baldintzen hobetzea eta aurrekontua nabarmen haztea».
Parte hartu nahi dute
ESK sindikatuak, ordea, itunean parte hartzeko nahia agertu du. Adierazi du bere parte hartzea «funtsezkoa» izan arren ez dutela parte hartzera gonbidatu, eta Lehendakaritzari eta Osasuneko sailburuari itunean parte hartzeko eskaera formala egin die. «Lehendakariaren asmoak zintzoak badira, ez luke baztertu behar Osakidetzan ezagutza handia duen sindikatu bat, ez eta osasun arloarekin zerikusia duen beste erakunde batzuk ere».
ESK-k ez ezik, OPA herri plataforma ugarik ere itunean «aktiboki» parte hartzeko eskaera egin zuten atzo. OPA Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak koordinakundeak jakinarazi zuen haiek ere ez dutela bileran parte hartzeko gonbidapenik jaso. Horregatik, biltzeko eskatu zioten Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari, «ahalik eta lasterrena».