ELAk deituta, greba eginen dute Nafarroako zahar etxeetan, urriaren 23an

Sindikatuak gogorarazi du 22 lanuzte egin dituztela 2021. urteaz geroztik: «Gobernuak ez du diru sailik jarri lan hitzarmena berritzeko».

Zaintza publikoaren aldeko protesta, iazko greba feministan, Iruñeko Erruki Etxearen parean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Zaintza publikoaren aldeko protesta, iazko greba feministan, Iruñeko Erruki Etxearen parean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko urriaren 9a
12:15
Entzun

ELA sindikatuak grebara deitu ditu Nafarroako zahar egoitzetako langileak. Urriaren 23an eginen dute lanuztea, eta, aurreko hilabeteetan eginikoak gehituta, 22 greba egun izanen dira, 2021. urtean sektoreko lan hitzarmena berritzeko mahaia martxan jarri zenetik. Sindikatuak ohar batean adierazi duenez, horrek frogatzen du lan baldintzak hobetzea «ez dela lehentasuna Nafarroako Gobernuarentzat».

Oharrean irakur daitekeenez, adinekoen egoitzena «diru publikoarekin finantzatutako sektorea» da Nafarroan, baina enpresa pribatuek kudeatzen dituzte egoitza horietako asko. Are: zahar etxe batzuk «putre funtsen esku» daudela gogorarazi du ELAk. «Gaur arte, gobernuak ez du diru sailik jarri, lan baldintza duinak bermatuko dituen hitzarmena sinatzeko».

Iragan legealdian, Nafarroako Legebiltzarreko talde guztiek mozioa onartu zuten, lan hitzarmen horren alde. «Hala ere, nahiz eta urtez urte aurrekontuak onartu, Nafarroako Gobernuak ez du hori ahalbidetuko duen proposamenik egin. Orain arte, mahai gainean dagoen proposamen bakarra da patronalek 2022ko abenduan planteatu zutena». Sindikatu guztiek baztertu dute proposamen hori, ELAren esanetan, «oso eskasa delako».

Egoera desblokeatze aldera, lau eskaera zehatz egin ditu ELAk: soldatak igotzea hileko 1.500 euroraino; urteko 1.592 orduko lanaldia ezartzea; aldi baterako ezintasuneko gaixoaldien osagarria bermatzea; eta hitzarmena aplikatzea Nafarroako egoitza guztietan. Aldarri ekonomikoez harago, baina, auziari «klasearen eta generoaren ikuspegitik» ere heltzea galdegin du sindikatuak: «Zaintzaz arduratzen direnak emakumeak direlako ari da hainbeste atzeratzen negoziazioa, eta horregatik mantentzen dira baldintza eskas horiek. Beharrezkoa da langileek hilabete amaierara iristeko baldintzak lortzea eta lanaldi iraunkorrak izatea. Hitzarmen hau funtsezkoa da lan prekaritateari aurre egiteko eta zaintza publiko, unibertsal eta doako baterantz jotzeko».

Hori guztia aldarrikatzeko, ELAk protestara deitu du heldu den urriaren 23rako: elkarretaratzea eginen dute 11:30ean, Eskubide Sozialen Departamentuaren aurrean. Arratsaldean, berriz, auto karabana eginen dute, eta bukatzeko, 17:30ean, bi protesta ekintza eginen dituzte: Iruñean, Lares patronalaren egoitza parean, eta Tuteran, Erruki Etxearen aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.