ELAk bertan behera utzi ditu Euskotreneko lanuzteak, akordio bat lortuta

Langileen segurtasuna bermatzea da akordioaren helburua. Greba bertan behera utzi duten arren, kontzentrazioa egingo dute etzi, Bilbon.

Bizkaibuseko eta Euskotreneko langileek manifestazioa egin zuten martxoan, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bizkaibuseko eta Euskotreneko langileek manifestazioa egin zuten martxoan, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko abuztuaren 12a
16:25
Entzun

Euskotreneko beharginak lanuztera deituta zeuden etzirako. ELA sindikatuak erabaki zuen protestara jotzea, uztailaren amaieran langile batek eraso bat jasan ostean. Gaur, baina, bertan behera utzi dute lanuztea, enpresarekin akordio bat lortu baitute. Besteak beste, azaroaren 3a baino lehen hogei pertsona kontratatzeko konpromisoa hartu du zuzendaritzak.

Greba bertan behera utzi duten arren, kontzentrazio bat antolatua zuten, eta bere horretan mantenduko dute. Langileak Bilboko Zazpikaleetako geltokian bilduko dira asteazkenean, 11:00etan. Enpresa batzordearen parte diren gainerako sindikatuek bat egin dute protestarekin.

ELAren arabera, azken urteotan ugaritu egin dira garraio publikoko langileen aurkako erasoak. Bizkaibuseko eta Euskotreneko ehunka langilek greba egin zuten martxoaren erdialdean, CCOO, UGT, ELA, USO eta LAB sindikatuek deituta, eta garraio publikoan eraso fisikoak eta hitzezkoak areagotzen ari direla salatu zuten. ELAk ohartarazi du eraso horiek «gero eta larriagoak» direla, eta langileek «tratu iraingarria» jasaten dutela.

Azken erasoa Bilboko Uribarri geltokian gertatu zen. Herritar batek txartelik gabe sartu nahi izan zuen trenean, eta langileak helarazi zion txartela erosi behar zuela. Erabiltzaileak iraindu egin zuen, eta ukabilkada bat eman zion beharginari. Horren ostean, ELAk «benetako neurriak» exijitu zizkien administrazioei.

Beste neurri batzuk

«Langileen segurtasuna indartzea» da akordioaren asmoa. Horretarako, langile gehiago kontratatzeaz gain, beste neurri batzuk ere ezarriko dituzte. Zuzeneko arretako langileei gatazkak konpontzeko prestakuntza emango diete «hemendik gutxira»; eta 2025eko urtarrilean formazio bera emango diete kobratzaile gidariei eta bezeroentzako arreta bulegoetan lan egiten dutenei. Halaber, behargin horiei aginte postuekin konektatutako alarma sakagailuak emango dizkiete, «Euskotrenen berehalako erantzuna bermatzeko». Neurri horien bilakaera aztertzeko batzorde bat ere sortuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.