ELA sindikatuak hasiera-hasieratik erabaki zuen ez zuela parte hartuko Osakidetzaren aldeko herri ituna erdiesteko bileretan. Irailean nabarmendu zuenez, ez du uste Jaurlaritzak «osasun politikak aldatzeko borondatea» duenik. Sindikatuak agerraldia egin du gaur Bilbon, eta berretsi egin du duela bi hilabete esandakoa. «Itunaren planteamendua bateraezina da osasun sistema publikoa hobetzearekin», esan du Amaia Muñoak, ELAko idazkari nagusiaren albokoak. Eta erantsi du ituna adosteko lehenengo fasean onartutako diagnostikoak agerian utzi duela ez dela «sakoneko aldaketarik» egongo.
Muñoak hainbat kritika egin dizkio osasun itunean onartutako diagnostikoari. Besteak beste, adierazi du ez dituztela jaso Osakidetzaren saturazioaren arrazoiak, ezta langileen prekarizazioaren arrazoiak ere. Ildo horiek aztertu gabe, ezinezkotzat jo dute «irtenbide egokiez eztabaidatzea». Are, diagnostikoak agerian utzi du Jaurlaritzaren lehentasuna: «Irudi bat eman edo propaganda egin nahi dute, ezer gutxi aldatzeko asmorik gabe».
Osasun publikoa hobetzeko eta egungo arazoei erantzuteko, Muñoak aitortu du beharrezkoa dela «arazoen diagnostiko zintzoa» egitea. Hain justu, Osakidetzan eta Osasunbidean dauden arazoei buruzko diagnostiko bat aurkeztu dute gaur; kalitatezko osasun sistema publiko baterako proposamenak ere jaso dituzte bertan. ELAko idazkari nagusiaren albokoaren iritziz, osasun itunean adostutako diagnostikoaren «alternatiba» da gaur aurkeztu dutena.
«Itunaren planteamendua bateraezina da osasun sistema publikoa hobetzearekin»
AMAIA MUÑOAELAko idazkari nagusiaren albokoa
Osakidetzak azken urteotan izan duen «narriadura» islatzen dute diagnostikoan jasotako datuek, Aitor Murgia ELAko azterketa bulegoko arduradunak adierazi duenez. Horren arrazoi nagusietako bat da azken urteetan inbertsio gehigarririk egin ez izana: «2025eko aurrekontu proiektua ikusita, 2024ko irailean eguneratutako aurrekontuari erreparatzen badiogu, %0,35 besterik ez da handituko inbertsioa». Hau da, 18 milioi euro baino ez litzateke handituko.
Lehen arretaren kalitatean ere galera dagoela jakinarazi dute. Adibide bat eman dute: «Azken urteotan kontsolidatu egin dira langileen murrizketak; udan, Aste Santuan eta Gabonetan, adibidez, ez dituzte langileak ordezkatzen». Murgiak aipatu du joan den udan 339 zentrotatik 126tan egin zituztela murrizketak: «Hortaz, zentro askotan, langile murrizketekin egiten dute lan urteko 180 egunetan». Horrez gain, gogoratu dute etengabeko arretako gune ugari itxi dituztela.
Murgiaren arabera, kontsulta ez-presentzialek egundoko pisua dute gaur egun: kontsulta guztien %40 dira. Itxaron zerrendei dagokienez, herritarrek gero eta egun gehiago itxaron behar dute kontsulta batzuetan ordua izateko. Kanpo kontsulta baterako, itxaronaldia 82 egunekoa da, batez beste. Ebakuntza kirurgiko baterako, berriz, herritarrek 62 egun itxaron behar dute, eta proba osagarri baterako, 17 egun.
«Azken urteotan kontsolidatu egin dira langileen murrizketak; udan, Aste Santuan eta Gabonetan, adibidez, ez dituzte ordezkatzen langileak»
AITOR MURGIAELAko azterketa bulegoko arduraduna
Arazo horiek guztiak «seguru pribatuen negozioa» dakarte. Izan ere, azken hamarkadan, %50eko hazkundea izan dute seguru pribatuen kontratazioek. Ildo beretik, 2022tik 2023ra, %9 areagotu dira Osakidetzak zentro pribatuetara egin dituen deribazioak. «Etengabe gora doa datu hori», gehitu du Murgiak. Gaur egun, gainera, Osakidetzako 1.059 sendagileri onartu zaie bi sistemetako lana bateragarri izatea.
Desberdintasun sozialetan ere egin dute azpimarra, biztanleen osasunari eragiten dietelako. «Kalte bereziki handia eragiten diete jende pobreari eta atzerritarrei». Hori dela eta, osasun publikoa unibertsala eta doakoa izan dadila eskatu du Murgiak, eta administrazioen eta gizarte zerbitzuen arteko koordinazioa handitu dadila.
Lan baldintzen prekarizazioa
«Lan baldintza onik gabe, ezinezkoa da kalitatezko zerbitzu publikorik ematea», azpimarratu du Esther Saavedra ELAko Osakidetzako arduradunak. Izan ere, haren ustez, lan baldintzen prekarizazioa da osasun sistema publikoaren gainbeheraren arrazoietako bat. Behin-behinekotasuna da arazorik nabarmenena.
Osakidetzak urrian emandako erroldaren arabera, 46.372 beharginek egiten dute lan bertan. Horietatik, 25.257 behin-behinekoak dira; hau da, langile guztien %54. Beste 18.329 langile finkoak dira, eta 2.759 lanpostu hutsik daude. Behin-behinekotasun tasa handia kritikatu du Saavedrak: «Eusko Jaurlaritzak publikoki esan du behin-behinekotasun tasa %8 izango dela martxan duen lan eskaintza publikoa amaitzean, baina kopuru horietatik oso urruti gaude. 7.646 plaza beteko dituzte lan eskaintza bukatzean». Beraz, behin-behinekotasuna %40tik gora mantenduko da.
«Kategoria guztiak beharrezkoak dira Osakidetzak bere zerbitzua eman ahal izateko; osasun publikoa hobetzeko, ezinbestekoa da kolektibo guztien lan baldintzak hobetzea»
ESTHER SAAVEDRAELAko Osakidetzako arduraduna
Lan baldintzak hobetzeko, Saavedrak ezinbestekotzat jo du mahai sektoriala edukiz hornitzea. Orain ez dira halakorik egiten ari. Gogoratu du azken hamabost urteotan ez dutela berritu lan baldintzen akordioa, eta hamar urte egon direla hauteskunde sindikalik gabe. Hain justu, azaroaren 28an egingo dituzte. 361 ordezkari aukeratuko dituzte, gaur egun daudenak baino 45 gehiago. ELAk 1.600 hautagairen sinadurak aurkeztu ditu, esparru guztietan. «Kategoria guztiak beharrezkoak dira Osakidetzak bere zerbitzua eman ahal izateko; osasun publikoa hobetzeko, ezinbestekoa da kolektibo guztien lan baldintzak hobetzea», zehaztu du Saavedrak.
Gaur aurkeztutako diagnostikoa izango du oinarri ELAk hauteskundeetan. Bertan proposatu dute, besteak beste, osasungintzako inbertsio publikoa handitzea, lehen arreta sendotzea, osasun mentala indartzea eta langileen lan baldintzak hemen erabakitzea. Osasun zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzea ere proposatu dute. Izan ere, Muñoak salatu du osasun itunaren diagnostikoan ez dutela jaso «euskararen egoera negargarriari» erantzuteko neurririk. Osasungintzatik haragoko proposamenak ere egin dituzte, esate baterako, pobrezia eta desberdintasun soziala murrizteko.