ELA sindikatuak grebara deitu du Nafarroako zahar etxeetan

ELAk apirilaren 10erako deitu du grebara, Nafarroako Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratzean. Lan baldintza hobeak, 1.500 euroko gutiengo lansaria eta urtean 1.592 oreneko lanaldia eskatu ditu.

Zahar etxeetako langileen elkarretaratzea gaur goizean Iruñean. ELA
Zahar etxeetako langileen elkarretaratzea gaur goizean Iruñean. ELA
Xalbat Alzugaray
2024ko apirilaren 4a
17:05
Entzun

Ez da gaurkoa Nafarroako zahar etxeetan lan baldintza hobeak lortzeko aldarria. Iazko otsailaren 23an eta apirileko lau egunetan ere greba egin zuten zahar etxeetako langileek, haien lan baldintzak salatzeko eta Nafarroa osorako hitzarmen baten alde egiteko. Berriro egingo dute greba apirilaren 10ean. ELA sindikatuak egun horretarako deitu du grebara Nafarroako zahar etxeetan, Nafarroako Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratzean jakinarazi duenez.

Gaur goizeko elkarretaratzean, Ana Garcia ELA sindikatuko kideak salatu du Nafarroako Gobernuarekin 2021ean hasitako negoziazio prozesua «erabat blokeatua» dela eta patronalak «trabak» baizik ez dituela jartzen. Zerbitzu publikoa den heinean, ELAk salatu du Nafarroako Gobernuak ez dituela zahar etxeak diruztatu nahi.

ELAk adierazi duenez, Nafarroako zahar etxeetan egoera oso txarra da: «1.000 euroko lansaria eta 1.792 orduko lanaldia». Gehiegizko ratioak, ordezkatu gabeko gaixoaldiak eta aste hondar zein besta egunetan lan egin beharra ere aipatu ditu Garciak.

Sindikatuak hitzarmenaren inguruko «blokeoa» haustea nahi du, eta gutieneko 1.500 euroko lansaria eskatu du, baita urtean 1.592 oreneko lanaldia izatea ere. Ohartarazi du Bizkaiko zahar etxeetako hitzarmenean lanaldia 1.592 orenekoa dela, eta lansariak, berriz, 1.600 eurokoak. Ondorioz, sindikatuak erran du Nafarroako Gobernuarentzat «egingarritzat» jotzen duela.

ELAk azpimarratu du gobernuak zerbitzuen diruztatzearen ardura hartu behar duela: «Nafarroako Gobernuari inplikazio handiagoa eskatzen diogu zahar etxeetako lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen bat lortzeko. Diru publikoz sostengatutako sektorea da, eta, beraz, Nafarroako Gobernuaren ardura».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.