ELAk Ertzaintzan duen sail sindikalak elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean, eta «kezka» azaldu dute Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak «polizia lana bideratzeko duen moduaz» lan gatazka, manifestazio, elkarretaratze eta grebetan. Sindikatuaren ustez, Segurtasun Sailaren jarduerak «oinarrizko arau eta kode deontologikoak» urratzen ditu.
ELA jakitun dago osasunari eta ekonomiari kalte egiten dien krisi egoera batean langile asko «protestak areagotzera behartuta» daudela, eta horretarako oinarrizko askatasun eta eskubideak baliatzen dituztela, baina, haren iritziz, Segurtasun Sailak «arazo publiko bat» baino ez du ikusten horretan, «Poliziak babestu beharreko oinarrizko eskubidetzat» hartu beharrean.
Salatzen duenaren hainbat adibide eman ditu ELA-Ertzaintzak: langileen elkarretaratzeetan eragindako «neurriz kanpoko oldarraldiak eta kolpeak», ordezkari sindikalak arakatzeko agintzea Jaurlaritzarekin eta patronalarekin batzartzera joaten direnean, piketeei eta greba batzordeei legeak aitortzen dizkien funtzio eta betebeharrak egitea galaraztea, talde parlamentarioek gonbidatutako ordezkari sindikalak Legebiltzarrera sartzen ez uzteko agintzea eta abar. Horrelako erabakietan «enpresen interesak»defendatzea leporatzen dio ELA-Ertzaintzak Jaurlaritzari.
Sindikatuak «elkartasuna» agertu die «lan gatazkan oso egoera kaskarrean eta zaurgarrian dauden pertsone». Baina beste kezka bat ere badu ELA-Ertzaintzak: haren ustez, horrelako jokabideek «arriskuan» jartzen dute «Ertzaintzaren legitimazio soziala, herritar guztien eta Ertzaintzaren beraren kalterako«egonkortu».
ELA-Ertzaintzak dioenez, beti defendatu dute «polizia zibilaren eredua», hots, ertzainak «herritarren zerbitzura dauden langileak» izatea eta Ertzaintza, «kolektibo bereizia» izan beharrean, erakunde «integratua» eta «gure gizartearen aniztasunaren adierazgarri» izatea. Segurtasun sailaren jokabideak, aldiz, «polizia-eredu bereiziagoa, herritarrengandik banatuagoa eta oinarrizko askatasunekiko sentikortasun gutxiagokoa» bultzatzen dute, sindikatuaren aburuz: «Hori ez da gure eredua».
ELA-Ertzaintzak iragarri du «Poliziaren kode deontologikoa abian jartzearen alde» egingo dutela, «Eurocop erakundeak proposatzen dituen parametroen arabera», eta bilerak eskatuko dituztela Legebiltzarreko lehendakariarekin eta Segurtasun Sailburuarekin, beren kezken berri emateko.