Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. EH Bildu

«Ekonomikoki bizirik irauteko, independentzia behar dugu»

Erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute Laura Mintegik eta Belen Arrondok Gasteizen egindako ekitaldian

Hasier Arraiz, Laura Mintegi eta Belen Arrondo, atzo, Bilduren ekitaldian. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2012ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Independentzia ozen aldarrikatu du EH Bilduk hauteskunde kanpainaren azken aurreko egunean. Krisialdi ekonomikotik ateratzeko eta «ezkerreko politikak» martxan jartzeko ezinbestekotzat jo du independentzia eskuratzea.«Independentzia nahi dugu ekonomikoki bizirauteko, eta erabakitzeko eskubidea izateko». Laura Mintegi koalizioko lehendakarigaiaren hitzei txalo zaparrada luzearekin erantzun diete Gasteizko Foruen Plazan bildutako ehunka lagunek. Krisialdia ahotan izan du Mintegik bere hitzaldian, eta egungo egoerari buelta emateko modua dela azpimarratu du: «Egoera honetatik irtengo gara, baldin eta beharrezkoak diren tresnak eskuratzen baditugu».

Lepo bete da EH Bilduk Arabako hiriburuan antolatu duen ekitaldia. Barkamena eskatuta hasi du bere diskurtsoa Mintegik, berandu iritsi baita mitinera: «Bilbotik nator, ETB 1-eko eztabaidaren grabaziotik», azaldu du. Eztabaida hizpide hartu du une batez,EAJ, PP eta PSEren hautagaien aurka egiteko: «Itxurazko eztabaida bat egin dute, hiru alderdiok eredu politiko eta ekonomiko berbera dutelako».Mintegiren ustez, alderik ez dago hiru alderdien ereduen artean, hirurena «neoliberala» delako.EH Bilduk, ordea, «ezkerreko politikak» planteatzen ditu, eta horiek independentziaren bidetik baino ezingo dira ezarri, bere esanetan.

Igandeko bozei begira pozik eta itxaropentsu mintzatu zaie Mintegi Gasteizen bildutakoei. EH Bildu, ibilbide laburra izanagatik ere, indartsu dagoelako dago pozik: « Hilabete gutxi daramatzagu eta begiranon gauden. Igandean lehenengo indarra izan gaitezke. Harrigarria da».

Urkulluri deia

Belen Arrondo Arabako zerrendaburuak, berriz, «aldaketa» nahi dutenei mezua bidaltzeko baliatu du bere hitzaldia. «Aldaketa lortzeko aukera bakarra»baita koalizioa,bere esanetan. Bestelako politika eredua nahi dutenei, justizia soziala lehenesten dutenei eta Euskal Herriak bere geroa «inoren menpe» erabaki behar duela uste dutenei botoa eskatu die EH Bildukoak. «Aldaketaren indarra dator, indartsu. Guztion indarrarekin eta lanarekin aldaketa lortuko dugu».

Arrondok ere erabaki eskubidearendefentsa egin du, Euskal Herri burujabeaeraikitzeko boto baliagarri bakarraEH Bildurena dela azpimarratuta:«Autodeterminazioa eta erabakitzeko eskubidea lortzeko alde bakarreko urratsak egiteko prest gaude». Independentziaz hitz egiteari «beldurra» izatea egotzi dio, gainera, Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiari: «Urkullu jauna ez izan beldurrik, sei silaba baino ez dira eta: independentzia!».Zutik jarri da jendea, eta independentziaren aldeko oihuekbete dute plaza.

EAJ, PSE eta PPren eredua gogor kritikatu du Arabako zerrendaburuak, etakrisialditik ateratzeko proposamenik ez izatea leporatu die hirurei: «Bi aste daramatzate disimulatzen, ez baitute inolako proposamenik. Itxurak egiten ari dira, eta badakigu 22an ituna egingo dutela, beti egin duten moduan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.