Ekonomiaz, elkarguneen peskizan

Emakumezko hautagaiek ekonomiari buruzko eztabaida egin dute. Nork bere eredua defendatu du, baina izan dira elkarguneak ere.

Andrazko hautagaien eztabaida, atzo, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Andrazko hautagaien eztabaida, atzo, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
2024ko apirilaren 13a
05:00
Entzun

Datorren apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan, Eusko Jaurlaritzako lehendakari izateko lehian ia hautagai guztiak gizonezkoak dira. Irudi hori lehen lerroan hartuta egiten ari dira kanpaina alderdiak ere egunotan, baina horri buelta eman eta andrazko politikarien ahotsa lehen lerrora ekarri nahi izan zuten atzo, Gasteizen. Silvan & Miracle eta Arabako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteak (AMPEA) antolatuta, emakumezko hautagaien eztabaida egin baitzuten.

Ekonomiaz jardun zuten hautagaiek, Eva Silvanen gidaritzapean. Orain arte egindakoak mahai gainean jarri eta etorkizuneko erronkak zehaztu zituzten, nork bere ereduaren alde eginez, baina adostasunak ere badituztela azalduz. Hain zuzen, EAJko Nerea Melgosa, EH Bilduko Oihana Etxebarrieta, PSE-EEko Aroa Jilete, Elkarrekin Podemoseko Isabel Gonzalez, PPko Laura Garrido eta Sumarreko Edurne Garcia aritu ziren.  

Orain arteko kudeaketa nabarmenduz hasi zuen hitzaldia Melgosak: «30 urte baino gehiago daramatzagu lanean, auzolana eta elkarlana ardatz hartuta». Baina zehaztu zuen hiru ardatzei begira ari dela lanean EAJ: trantsizio teknologiko eta digitala, soziosanitarioa, eta klimarena eta energiarena. Eta ardatz horiei lotuta Araban, Bizkaian, eta Gipuzkoan garatzen ari diren proiektuak zerrendatu zituen; hala nola Mercedesen lantegi berria, Basquevolt, edo hidrogenoaren euskal korridorea.

Burujabetzaren aldeko aldarria egin zuen, aldiz, Etxebarrietak. Eta ohartarazi zuen beharrezkoa dela «herri gisa hausnarketa estrategiko bat egitea». Baina bereziki azpimarra egin zuen digitalizazioan: «Berrikuntzaren eta teknologiaren aldeko apustua egin behar dugu», adierazi zuen, eta proposatu zuen BPG barne produktu gordinaren %3 bideratzea berrikuntzara. Edurne Garciak, berriz, adierazi zuen etorkizuneko sektore estrategikoak zeintzuk diren identifikatu behar direla.

Jiletek, berriz, ohartarazi zuen arreta jarri beharra dagoela klima aldaketan eta haren ondorioetan. Haren hitzetan, beharrezkoa da energia berriztagarrien apustua areagotzea: «Lema kolpe bat eman behar dugu». Bat etorri zen ideia horrekin Gonzalez: «Argi dago, burujabetza energetikorako urratsak egin behar dira». Baina adierazi zuen ezinbestekoa dela ekonomiari «balio erantsi bat» gehitzea. Haren ustetan, «ekonomia sozialak» izan behar du ardatz nagusia etorkizunean.

Garridok, ordea, ekintzailetzan egin zuen azpimarra. Kritiko azaldu zen ekonomiaz egiten den diagnostiko baikorraz, eta neurriak hartu beharraz ohartarazi zuen: «Ezin dugu lo hartu». Eta Andaluzia, Galizia eta Madril jarri zituen eredu gisa.

Gogoeta markaz

Proiektu horiek guztiek ordezkatuko duen markaz aritzean, ordea, are gehiago azaleratu ziren alderdien arteko desadostasunak. Melgosak esan zuen Eusko Jaurlaritzak darabilen Euskadi-Basque Country markak «emaitza onak» izan dituela, eta hura indartzearen alde azaldu zen. Era berean, Jiletek turismoan egin zuen azpimarra, eta adierazi zuen marka horrek «lagundu» duela, esaterako, udaz gaindiko bisitariak erakartzen: «Markari kudeaketa on bat erantsiz gero, errekonozimendua jasotzen da. Horretan lan egin behar da».  

Etxebarrietak, aldiz, uste du marka hori birplanteatu behar dela, kulturari, ekonomiari eta nazioartekotzeari lotutako proiektuek munduari begirako «plan estrategiko eta antolatu bat» izatea komeni dela iritzita. «Eredu gisa hartu behar ditugu markaren inguruan hausnartu duten herrialdeak, herri kohesio handiagoa lortu baitute». Gales da horietako bat.

Gonzalezek ere adierazi zuen beharrezkoa dela marka «jasangarritasunari lotzea», gainontzean ez delako erabilgarri izango etorkizunean. Garciak ere ohartarazi zuen beharrezkoa dela «XXI. mendeko erronkei erantzungo dien marka bat».

Hezkuntzatik eragitea

Nork bere eredua defendatu bazuen ere, izan zen elkargunerako punturik. Industrian andreen parte hartzea areagotzeko hartu beharreko erabakietan, esaterako, hizlariak ados jarri ziren hezkuntzatik eragitea ezinbestekoa dela. «Gizartean oso barneratuta dauden genero rolak eta estereotipoak gainditu behar dira, eta hezkuntzan lan handia egin behar dugu horretarako», ohartarazi zuen Gonzalezek. Eta erantsi zuen teknologia berriek aliatu izan behar dutela helburu horretan.

Etxebarrietak, Jiletek eta Garciak, aldiz, enpresetan jarri zuten arreta: izan ere, nabarmendu zuten ezinbestekoa dela berdintasun planak betetzen direla bermatzea, eta gizonen jarrera paternalistak nahiz jarrera matxistak desagerrarazteko neurriak hartzea. EH Bilduko hautagaiak azpimarratu zuenez, «genero ikuspegia ere ikerketa eta garapen planetan txertatu behar da».

Hezkuntza gakoa da, halaber, talentua sortzeko garaian, hizlarien hitzetan. Aldiz, lan baldintzetan sumatzen dute gabezia. «Enpresak ere gaur egungo beharretara egokitu behar dira. Malgutasunaz ari gara, noski, soldata duinez, baina baita kontziliazioaz ere», azpimarratu du Garciak. Hain zuzen ere, kontziliazioari buruzko «herri itun bat» galdegin zuen Garridok.

Melgosak azaldu zuen urratsak egin dituela Jaurlaritzak azkenengo urteetan, hala lanbide heziketan nola unibertsitatearen alorrean. Edonola ere, atzerriko tituluen homologazioa funtsezkoa dela iritzi dio hautagai jeltzaleak: «Baliatu behar dugu. Hor ere badago talentua, batez ere femeninoa, eta garrantzitsua da aintzat hartzea».  

Gonzalezek, ordea, ohartarazi zuen gizarteak «gelditu» behar duela, iritzita egungo abiadura oztopo dela talentuarentzat. «Berrikuntzak oso azkar datoz, bai, baina birpentsatu behar dugu, talentua ez baita elkarren artean lehiatuz sortzen. Talentua soilik gelditzen baldin bagara sortuko da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.