Marta Jimenez Carrillo (Madril, 1987) familia medikua da Bilboko Txurdinaga auzoan, eta EHUko Opik ikerketa taldeko ikertzailea. Osatzen familia eta komunitateko euskal medikuen elkarteak antolatutako jardunaldietan aritu zen lehengo astean, Amaia Bacigaluperekin batera; aztertu zuten nola eta zergatik gurutzatzen diren generoa eta COVID-19a.
Izurria eta generoa aztertu dituzue. Zer-nola eragiten du generoak egoera honetan?
Konplexua da. Alde positiboa aztertuta, emakumeok, mugimendu feministari esker, gaitasun handia dugu sareak sortzeko: horrek errealitate anitzetan lagun gaitzake. Baina, beste alde batetik, noski, generoak eragin negatiboa du. Emakumezkoa izateak ekar diezazuke, adibidez, zure lanpostu bera duen gizonezko batek baino gutxiago irabaztea, eta lan orduak ere desberdinak izatea. Birusarekiko esposizioan daude desberdintasunak eta, ondorioz, arriskuak. Bizi baldintzek ez lukete eragin behar osasun sistema publikoan jasotako artan, baina bizi baldintza kaxkarragoetan gehiago gaixotzen zara: pobreak aberatsak baino gehiago gaixotzen dira. Emakundek iazko ekainean atera zuen txosten batek erakutsi zuen hamar kutsatutik sei emakumezkoak zirela. Guk ere ikusi genuen emakume gehiago kutsatu direla, batez ere hasieran. Hori lotuta dago osasungintzako eta egoitzetako langileen gehiengoa emakumezkoaizatearekin, gure ustez.
Pandemiaren kudeaketa ikuspegi androzentrista batetik egin dutela salatu duzue.
Hori da. Zientziaren oinarriak berez dira androzentristak: entsegu klinikoetan, adibidez, gizonezkoak askoz gehiago aztertzen dituzte emakumezkoak baino, eta pandemian ere gertatu da. Guk, gure ikerketa taldean, ikusi dugu COVID-19aren sintoma ezezagunenak emakumeen artean agertu direla gehiagotan, eta horrek eragina izan dezake esku-hartze klinikoan. Izan ere, diagnostikoa atzeratzea ekar dezake. Jardunaldietan, esaterako, zaintzaileek eta osasun langileek azaldu zuten sintoma oso larriak ez bazituzten lanera joaten zirela, antsietatea zela uste zutelako, eta diagnostikorik ez zutelako. Baliteke hori ere gaixotasunaren eraikuntza androzentristagatik izatea.
Baina osasungintzak eta ikerketak soilik ez, hartu diren erabaki ekonomikoek ere badute ikuspegi androzentrista?
Noski, zalantzarik gabe. Guk Opik ikerketa taldean aztertu genuen pandemiaren kudeaketarako sortutako batzordeetan emakumeek zer ordezkaritza izan duten, eta ikusi genuen aldea izugarria dela. Eta horrek mugatu egin du krisia gainditzeko behar den begirada feminista. Ekonomiak aurrea hartu die zaintzei, hori dirudi, eta horrek eragina du maila guztietan: kudeaketa politikotik hasi eta guztion egunerokotasuneraino. Feminizatutako sektoreetan prekaritateak lehengoan jarraitu du, eta lanpostu gehiago desagertu dira emakumeek egiten dituzten lanetan.
Azaldu duzue pandemiak areagotu egin dituela gizartean lehendik zeuden desberdintasunak.
Bai, halaxe da. Eta hori bertatik bertara bizi izan dugu lehen mailako arretan. Ikusi besterik ez dago pandemiaren garaian osasun aseguru pribatuen kopuruak nola egin duen gora, eta ulertzen dut osasun sistema publikoaren gainkarga ikusita jendeak hautu hori egitea. Lehen mailako arreta jada egoera prekarioan zegoen pandemiaren aurretik. Baina COVID-19ak okertu egin du hori; arta lortzeko arlorik irisgarriena ginen, baina hori aldatu egin da. Eta horrek zaurgarrienei eragiten die, batez ere: migratzaileei, adinekoei... Lehenengoei, aurrez zituzten arazoei gehiago batu zaizkielako orain; bigarrenei, arreta telematikoa bultzatzeak arrakala digitala areagotu die.
Hala ere, gero eta gehiago dira lehen mailako arreta indartzeko eskatu duten ahotsak. Positiboak dira zuentzat aldarri horiek, ezta?
Bai, noski. Uste dut baikortasuna borrokan jarraitzeko tresna politiko bat dela. Dena den, lehen mailako arreta eremu bat besterik ez da; nire ustez, egoitzetan eta etxean adineko jendea zaintzen dagoen jendearen lana ere arta horren parekoa da. Helburua zaintzak erdigunean jartzea da, oro har. Honen irtenbidea komunitatea sortzetik etorriko da. Kriminalizazio handia egon da, gazteekiko-eta, batak besteari errua leporatzera egin da. Baina nik uste dut elkarrekin egin behar dugula lan. Baditugu adibide asko elkartasun edo komunitate sareenak. Osasunaren behatoki komunitarioak sortu dira, esperientziak komunitatean landu ahal izateko. Lehen mailako arreta ere horren parte izan daiteke. Eta ikusi da zein erresilientzia gaitasun duten komunitateek: behetik lan eginda gauzak aldatzen hasteko eremu aproposa dira.
Hain zuzen ere, lehen mailako arretan genero ikuspegia txertatzearen garrantzia azpimarratu duzue. Nola lor daiteke hori?
Guk beti aipatzen dugu osasun zentroek kalera begira egon behar dutela: izan ere, Rafael Cofiño Asturiasko (Espainia) Osasun Publikoko zuzendariak dioen bezala, posta kodeak kode genetikoak baino eragin handiagoa du jasotzen den artan. Hau da, kontuan hartu behar dugu pazienteen atzeko aldagai sozialek eragina dutela osasunean, baita generoak ere. Horregatik, proposatzen dugu pazientea erdira ekartzea: ahotsa eman behar diogu, zaintzaren aldetik bere eta senideen egoerak aztertu behar ditugu, informazio psikosoziala jaso, genero ez normatiboa dutenen edo transgeneroen trataera preferentzia aintzat hartu, eta sexu bakoitzaren beharrizan espezifikoak kontuan hartu, besteak beste.
Hori osasun zentroetan. Eta horietatik aparte?
Pandemiak agerian utzi du zaintzaren eta komunitatearen garrantzia, osasuna indartzen dutela azpimarratu du. Eta guk argi dugu: auzoetako osasun zentroak ez dira osasuna bermatzeko eremu bakarrak; gu horko beste faktore bat baino ez gara, osasuna beste eremu askotatik ere zaintzen delako: gune berdeetatik, hezkuntza publikotik... Horiek lagun dezakete desberdintasun egoerei buelta ematen, desberdintasunak ere gaixotzen baitu. Horregatik diogu genero ikuspegia txertatzea ezinbestekoa dela, baina ikuspegi horrek intersekzionala izan behar duela ere argi dugu; klasearen, etniaren, eta desberdintasunaren ardatz guztiak kontuan hartuko dituen begirada bat behar dugu. Gero eta argiago dago hori dela desberdintasunak deseraikitzeko modua: desberdintasunaren ardatz guztiak kontuan hartzea; bestela, ez dugu irudi orokorra lortuko, eta bidean jendea galduko da. Eta gure helburua hemendik guztiok batera irtetea da, batzuetan gure pribilegioek ematen diguten boterea galduz beste batzuek irabaz dezaten, parekidetasuna helburu.
Koronabirusa. Marta Jimenez Carrillo. Familia medikua eta ikertzailea
«Ekonomiak aurrea hartu die zaintzei, eta horrek eragina du»
Jimenezek azaldu du pandemiak gizarteko desberdintasunak areagotu dituela. Esan duenez, horiei aurre egiteko, genero ikuspegi intersekzionala txertatu behar da zaintza sektorean eta lehen mailako arretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu