Eusko Legebiltzarra. Inbestidura saioa

Ekonomia gaietan elkarlana eskaini dio PPk, «konfrontaziorako» ez

«Zatiketa eta konfrontazioa ekartzen duten gaiak» alboratzeko eskatu dio Iñigo Urkulluri

Oihana Elduaien Uranga.
Gasteiz
2012ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Orain axola duena ekonomia indartzea dela esan dio PPk Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiari eta, beraz, ez galtzeko denbora «Espainiatik zatitzeko proiektuetan». Ekonomia suspertzeko lanean zentratzeko eskatu dio EAJri, eta «erabaki zailak» hartu beharko dituela ohartarazi dio, nolabait PPk Espainiako Gobernuan egin duena ere justifikatuz, bidenabar: «Gobernuak erantzuteko ardura du, aurpegia ematekoa eta momentuak eskatzen dituen neurriko erabakiak hartzekoa, haietako asko zailak izan arren».

Oposizio «eraikitzailea» egingo dutela jakinarazi dio, eta bere babesa eskaini: «Ez ezazu dudarik izan moderazioa eta irtenbide ekonomikoa baldin badaude elkar ulertuko dugula». Baietz, alboan izango duela gai ekonomikoetan: «Hobetzeko kritikatuko dugu, edo hobetzeko egingo dugu elkarlana».

Baina argi utzi dio datozen lau urteetan zertan ez dion lagunduko ere: «Krisi ekonomikoa eta bere ondorioak zure obsesio separatistentzat aukera gisa erabili nahi badituzu, edo zure arduretatik ezkutatzeko baliatu, zu zeu izango zara akordioari ateak ixten dizkiozuna».

«Normalizazio eta askatasun» egoera egonkortzeko ere lan egin behar dela esan du Basagoitik. Eta horretarako, bere ustez ETAk dauka ardura: «ETAk behin betiko desagertu behar du, baldintzarik gabe». Eta argi utzi du historia nola idatzi behar den ere: «Ezin da asmatu errelato interesatua», eta hori biktimekiko errespetuagatik egin behar dela.

EH Bilduri ere zuzendu zaio, bere taldekoen txaloak eragin dituen exijentziak eginez: «Kondenatu ezazu ETA, kondenatu atentatuak, ez nahastu biktimak eta hiltzaileak, ez asmatu gatazkak eta justifikatu heriotzak, errespetatu herritarrek libreki eman dituzten arauak, Espainiako Konstituzioa eta Gernikako Estatutua. Nahasmendurik gabe. Kondenatu ezazu ,eta hortik hasi onartzen egin duzuen min ikaragarria».

Gobernu berriak «egonkortasun instituzionala» bultzatu behar duela ohartarazi dio Urkulluri, «eta ez kontrakoa». «Bronka eta enfrentamentu politikoa» ekarriko dituzten eztabaidak ez irekitzeko eskatu dio, hark proposatutako trantsizioa egiten saiatzea gizoa gaiztotzea izango litzatekeela iradokiz.

Hala ere, zer egin nahi duen, nola eta norekin zehazteko eskatu du: «Ez du balio gurekin ekonomiaz adostu, PSE-EErekin autogobernu gaiak eta EH Bildurekin presoak eta biktimak parekatzen aritu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.