Eusko Jaurlaritza. Gobernu akordioa

Ekonomia eta «estatutu itun berri bat», EAJ-PSE akordioaren ardatzak

EAJk eta PSEk koalizio gobernu baterako programa akordioa lortu dute. Fiskalitatea «berrikusteko» eta DSBE erreformatzeko konpromisoa hartu dute. Autogobernu «zabalagoa eta hobea» nahi dute

Idoia Mendia eta Miguel Angel Morales PSEko kideak, eta Joseba Aurrekoetxea, Andoni Ortuzar eta Iñigo Urkullu EAJkoak, Bilbon, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen osteko lehen bileran. MARISOL RAMIREZ /FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Koalizioan gobernatzeko akordioa lortu dute EAJk eta PSE-EEk. Bi alderdietako zuzendaritzek atzo goizean itxi zuten programari buruzko ituna, aurreragorako utzita gobernu berriaren egitura. Alderdien oinarriek berretsi beharko dute orain gobernu hitzarmena: astelehenean bilduko da EAJren Biltzar Nazionala, oniritzia emateko, eta sozialistek galdeketa bat egingo dute militanteen artean.

Horrela, 2016an lortutako koalizio akordioa berrituko dute bi alderdiek, eta Iñigo Urkullu lehendakariak bermatua izango du hurrengo lau urteetarako gobernabidea. Datorren ostegunean egingo dute Jaurlaritzako lehendakaria aukeratzeko saioa Eusko Legebiltzarrean, eta Urkullu aukeratuko dute berriro, lehendakari jeltzaleen eta sozialisten babesari esker.

EAJk eta PSEk ohar bateratu batean ezagutarazi dituzte akordioaren ardatz nagusiak. Konpromiso zehatz apur batzuk baino ez dituzte jaso bost orriko dokumentuan, datozen egunetan egingo baitute publiko akordio osoa. Azpimarratu dute «ibilbide orri argia» eta gobernu «sendoa» eskaini nahi dizkiotela euskal gizarteari, eta hitzarmenaren izenburuan bertan laburbildu dituzte akordioaren oinarriak: «Ekonomia eta enplegua suspertzea, zerbitzu publikoen eta gizarte politiken defentsa eta autogobernu zabalagoa eta hobea».

Datozen lau urteetarako gobernuaren jardunerako hiru baldintza adostu dituzte, koronabirusak eragindako krisi sanitarioari, ekonomikoari eta sozialari aurre egin ahal izateko. Bi alderdiek uste dute aurreko legealdian elkarrekin egindako lanak balio izango diela gobernu berriaren jarduna bi eremutan nabarmentzeko: osasun sistema publikoa «ezartzeko eta indartzeko», eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako «berreraikuntza sozial eta ekonomikoa» bideratzeko.

Akordioan nabarmendu dute koronabirusak ekarri duen krisi ekonomikoarekin pobrezia, bazterkeria eta arrisku egoerak areagotu egin direla, eta bi alderdiek uste dute beharrezkoa dela zerbitzu publikoak bermatzea eta «inor ere atzean ez uztea». Xede horrekin, funtsezko tresnatzat jo dute, besteak beste, DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta erreformatzea eta etxebizitza eskubidea «zabaltzea».

Zerga sistema «berrikusteko» konpromisoa ere jaso dute gobernu akordioan, hori nola egingo duten askorik zehaztu ez badute ere. Bi alderdiek diote aurretik «hitzemanda» zutena beteko dutela: «Azken legealdiko esperientziak erakutsi du alderdi politiko biok gaitasuna dugula baliabide publikoak zorroztasunez kudeatzeko eta fiskalitate progresibo eta bidezkoago batean aurrera egiteko». Zerga sistema berrikusteko, kontuan izango dituzte izurriaren krisiaz geroztik sortutako egoera ekonomikoa, eta enpleguan, enpresetan eta lehiakortasunean izan daitekeen bilakaera.

Jeltzaleek eta sozialistek uste dute koronabirusaren izurriak «mugarri» bat ezarri duela osasun premiak eta politikak zehazteko orduan, eta, «mehatxu» berriak ikusita, beharrezkotzat jo dute osasun arloko arauak eta gobernu tresnak eguneratzea. Gizarte zerbitzuei bultzada ematea ezarri dute, halaber, lehentasunen artean.

Ekonomia eta enplegua suspertzea ere xedetzat jarri dute, pandemiaren aurreko mailak berreskuratzeko. Besteak beste, funtsezkotzat jo dute prekaritatearen aurka jardutea eta langabezia tasa %10etik behera jaistea. Halaber, izurriaren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko asmoz, premiaz aurkeztuko dute enplegua eta ekonomia suspertzea ardatz izango duen hazkunde jasangarriko estrategia bat.

2016an bezala

Ekonomiarekin eta gizarte zerbitzuekin lotutako neurriez landa, beste ardatz bat ere izango du gobernuaren jardunak: autogobernua eta elkarbizitza. Autogobernuaren alorrean, 2016ko akordioan jasotako eduki bera dauka adostutakoak: «Autogobernua eta Gernikako Estatutua osorik bete dadila defendatu behar dugu, eta estatutu itun berri bat lortu behar dugu hurrengo belaunaldientzat». Azken legealdian jeltzaleek eta sozialistek desadostasun sakonak izan dituzte autogobernuan, eta oso litekeena da oraingoan ere 2016an adostutako formulari eustea: desadostasun adostu gisa utzi zuten, eta alderdi bakoitzari askatasuna eman zitzaion bere jarrera publikoki defendatzeko. Akordio osoa ezagutzen denean ikusiko da nola jasotzen duten kontu hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.