Koronabirusaren krisiaren ondoren, ekonomia ekologikoaren alde egitea. Hori eskatu dute 345 irakaslek eta ikertzailek, eta COVID-19 osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren alde manifestua sinatu dute. Bat egin duten irakasleak eta ikertzaileak 25 unibertsitatetakoak eta ikerketa zentrotakoak dira, besteak beste, EHUkoak, NUPekoak, Mondragon Unibertsitatekoak, Deustoko Unibertsitatekoak, Paueko Unibertsitatekoak (Baiona-Bordele), BC3koak, Stanfordekoak (AEB) eta Cambridgekoak (Erresuma Batua).
Ehun espezialitate baino gehiagotako profesionalak dira sinatzaileak, eta eztabaida sozial «zabal» bat sustatu nahi dute, Euskal Herrian etorkizun «iraunkorra eta inklusiboa» lortzeko ardatzei buruz argitaratutako manifestutik abiatuta. «Egungo krisialdietarako benetako irteera, norbanako zein talde gisa, gure erresilientziaren eta eraldatzeko gaitasunaren araberakoa izango da», nabarmendu dute. «Bidegurutze historiko» baten aurrean egonik, bi aukera ikusten dituztela esan dute: bide «oker» beretik jarraitu edo norabidea aldatu.
Aldaketarako, bost ildo
Norabide aldaketa horretarako, uste dute lehentasunezko bost ekintza ildotan oinarritutako ekonomia ekologiko baterantz joan behar dela. Batetik, BPGaren hazkunde erantsian oinarritutako garapen eredua alde batera uztea nahi dute. Horretarako, iruditzen zaie bereizi egin behar direla gizarte ongizatea areagotzeko ezinbesteko sektoreak eta ingurumenean daukaten eraginagatik azkar murriztu behar direnak. Bigarrenik, muga ekologikoak kontuan hartzen dituzten ekoizpen, inbertsio eta kontsumo politikak sustatzeko ere eskatu dute. Horretarako, «hurbiltasuna, publikoa eta ondasun komuna» lehenestea nahi dute, hurrengo belaunaldientzat «zor onartezin bat» sor ez dadin. Hirugarren puntuan, ingurumen fiskalitate progresiboa bultzatu nahi dute, albo batera uzteko kutsadura eta baliabide naturalen gehiegizko ustiapena, eta balio dezan «beharrezkoa» den trantsizio ekologikoa finantzatzeko. Laugarren eskaera nekazaritza eta elikadura sistema eraldatzea da, «agroekologian oinarritutako elikadura burujabetzan aurrera egiteko». Horrek lan baldintza duinetan oinarritu behar duela uste dute, bioaniztasunaren kontserbazioa ziurtatuz eta elikagai jasangarrien eta tokiko elikagaien ekoizpena eta kontsumoa sustatuz. Eskatu dute baztertzeko «garapen jasangarriaren araberakoak ez diren» garraiobideetan etaazpiegitura handietan oinarritutako mugikortasun eredua.
Sinatzaileen iritziz, beharrezkoa da «premiazko ekintza zorroz batek lagundutako ikuspegi integrala», ekonomia ekologikoan oinarritutako COVID-19aren osteko mundua planifikatzeko.
Koronabirusa
Ekonomia ekologikoaren alde egiteko eskatu dute 345 akademikok
25 unibertsitate eta ikerketa zentrotako zenbait irakasle eta ikertzailek manifestu bat kaleratu dute. Bost ekintza ildo zehaztu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu