Ekondakinen irregulartasunak aletu dizkio Nafarroak Jaurlaritzari, zigortu dezala eskatuz

Nafarroako Ingurumen zuzendariak adierazi du enpresak urratu egin duela Gipuzkoako Ingurumen Guneari dagokion araudia, Artaxoako konpostatze plantara 5.000 tona lixibiatu bidaltzeagatik okerreko kode batekin.

Jose Mari Aierdi Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria, artxiboko irudi batean.
Jose Mari Aierdi Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko uztailaren 17a
12:43
Entzun

Nafarroako Gobernuak txosten bat bidali dio Eusko Jaurlaritzari, Ekondakin enpresari zigor espediente bat irekitzeko eskatuz, ElDiario.es agerkariak aurreratu eta Eusko Jaurlaritzak BERRIAri baieztatu dionez. Txostenean 50 orri ingurutan zehaztuta daude Nafarroako Gobernuak GIG Gipuzkoako Ingurumen Gunea kudeatzen duen enpresari egozten dizkion irregulartasunak, eta Jaurlaritzak adierazi du ingurumen teknikariak dokumentua aztertzen ari direla. Zubietako erraustegia eta hondakinen tratamendu mekaniko-biologikorako azpiegitura bat biltzen ditu GIGk. Nafarroak salatu du Ekondakinek 5.000 tona lixibiatu baino gehiago bidali zituela gune horretatik Artaxoako konpostatze planta batera, azken horrek halako hondakinak jasotzeko baimenik ez duen arren, eta Ekondakinek GIGko hondakinak okerreko kode batekin sailkatu zituela.

Nafarroako Ingurumen zuzendari Ana Bretaña de la Torrek idatzi bat igorri dio Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Ekologiko eta Jasangarritasun sailari txostenarekin batera. Han jasotzen duenez, Ekondakinek GIGtik bidalitako hondakinek «ez dituzte biltzen konpost prozesuan txertatu ahal izateko ezaugarriak, ez baitira bereizita bildutako hondakin organiko biodegradagarriak». Hori dela eta, Bretaña de la Torrek Jaurlaritzari nabarmendu dio hondakinen tratamenduan jarduten enpresek «beren aktibitatearen ondorioz sortzen dituzten hondakinak modu egokian kudeatu» behar dituztela, ekonomia zirkular baterako hondakinen eta lur kutsatuen 2022ko legearen arabera.

Bestalde, Nafarroako Gobernuaren txostenak ziurtatu du Ekondakinek 19 08 12 kodearekin izendatu zituela Artaxoara bidali zituen hondakinak, eta ez dela hori hondakin mota horri zegokiona. Europako araudiak zehazten duenez, 19 08 12 kodearekin izendatu beharrekoak ez dira hondakin likidoak, ur hondakin industrialen tratamendu biologikotik eratorritako lohiak baizik. Aldiz, Artaxoan jasotako hondakinak lixibiatuak ziren, etxeko hondakinen errefusaren tratamendu aerobikotik eratorritako hondakin likidoak. Txostenean esaten dutenez, Ekondakinek bidalitako lixibiatuak «sailkatu gabeko hondakinen bilketatik eratorritakoak» dira; «horiek dira GIGan tratatzen direnak». Idatziak zehazten du hondakin mota horiek ez direla onartzen «konpostatzerako, orokorrean», eta haren erabilera ere ez dagoela baimenduta Artaxoako «Ecofert Sansoain instalazioan, partikularrean».

Bretaña de la Torrek Jaurlaritzari gogorarazi dio GIGk bere hondakinak zuzen sailkatzeko betebeharra duela, horien «izaera eta helburu egokiena» zehazte aldera, eta betebehar hori jasota dagoela Jaurlaritzak Zubietako azpiegiturari emandako ingurumen baimenean.

Dena den, Ekondakinek bidalitako hondakinak 19 08 12 kodeari dagozkion lohiak izan balira ere, ezin izango lirateke Artaxoako konpostatze gunean hartu, hura kudeatzen zuen Ecofert Sansoain enpresak ongarriak ekoizten zituelako han, eta soilik nekazaritzako elikagaien sektoreko hondakinak jaso zitzakeelako; inola ere ez errauste planta bat eta hondakinen tratamendu mekaniko-biologikorako instalazio bat hartzen dituen GIGetik bidalitakoak.

Auzia, epaitegietan

Joan den ekainaren 19an, Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumen kontseilari Jose Mari Aierdik iragarri zuen Nafarroako Gobernuak Ekondakinen kontrako zigor espediente bat irekitzeko eskatuko ziola Jaurlaritzari, eta eskari hori oinarritzeko txosten bat bidali diola ezagutu da gaur. GIGeko enpresa kudeatzailea Ekondakin den arren, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa da haren jabea. Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatua da partzuergoko presidentea, eta Donostiako Donostiako epaitegi batek haren kontrako auzibide bat du irekia, hain zuzen ere, Ekondakinek Artaxoara bidalitako hondakinengatik. Guardia Zibilaren txosten baten zain dago epailea, diputatua inputatu gisa deklaratu ala ez erabakitzeko. Asensiok behin eta berriz ukatu du Ekondakinen jarduna irregularra izan dela. Epaileak deklaratzera deitu du Bretaña de la Torre ere, besteak beste, Nafarroako Gobernuaren ondorioak azaldu ditzan.

Nafarroako Gobernuak Artaxoako konpostatze gunea itxi du atzeman dituen irregulartasunengatik —beste leku batzuetatik ere jaso ditu lixibiatuak—, eta haren kudeatzaile zen Ecofert Sansoain enpresari isun bat ezarri dio, zigor espediente baten bitartez. Aierdik azaldu zuen gobernuak ez duela eskumenik Nafarroatik kanpoko enpresei halako espediente bat irekitzeko, eta horregatik egin dio eskaria Jaurlaritzari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.