Ekologistek salatu dute uxaldiak ez direla eraginkorrak basurdeak eta orkatzak kontrolatzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak ehiztariekin egindako akordio baten ondorioz uxaldiak berriz abian direla eta, Ekologistak Martxan taldeak ohartarazpena egin nahi izan du.

Basurde bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
Basurde bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
arantxa iraola
2025eko otsailaren 1a
15:30
Entzun

«Ehiza jarduera ez da gai basurdeen eta orkatzen populazioen kontrol teknikoa egiteko». Uste hori dute Ekologistak Martxan taldeko kideek, eta, gaur hedabideetara zabaldu duten ohar baten bidez, ozendu egin nahi izan dute mezua. Berriki jakin da Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen bat egin duela ehiztariekin uxaldiak berriz martxan jartzeko; are, baimenduta daude gaurtik hasita, eta horren ondorioz egin nahi izan dute ohartarazpena. Bide batez, abisua eman nahi izan dute usu uxaldiek eragiten dituzten istripuen gainean ere, eta gogora ekarri dute, hain justu ere, 2023ko abenduan Deban emakume bat hil zela uxaldi batean ari ziren ehiztarien bala batek zaurituta. Ikerketa bat abiarazi zuten zer gertatu zen argitzeko, eta uxaldiak gerarazi egin zituzten.

«Ehiza ez da irizpide teknikoetan oinarritutako jarduera bat, aisialdiko jarduera bat baizik, eta ehiztariek ez dute prestakuntza egokirik basoko populazioak teknikoki kudeatzeko», esan dute ekologistek. Azaldu dute uxaldi horiek «kontrako efektua» ere izaten dutela, eta hainbatetan animaliak «hiri eremuetara» joaten direla ehiztarien jazarpenetik ihesi.

Ekologistak Martxan-en arabera, orain diputazioak eta ehiztariek hitzartu duten baimenak baditu «hobekuntza batzuk», baina uxaldiek eragiten duten «arriskua» ez da guztiz desagertuko. «Zoritxarrez, ehiza istripuak nahiko ohikoak dira, segurtasun neurri eskasak hartzen dira eta», salatu dute. Ekologisten ustez, ehiza sektorearen «presioari» amore eman beharrean, aldundiak bestelako lanketak egin behar lituzke: esaterako, pentsatzen dute basurde eta orkatzen populazioei buruzko zentsu eta azterketa «serioak» egin beharko lituzkeela, eta araubideak ezarri behar lituzkeela populazio horiek gehiegi handitzeko bidea ematen duten arrazoiak ezabatzeko edo murrizteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.