Ekologistek salatu dute Jaurlaritzak «izkin» egin nahi diola angulak arrantzatzeko debekuari

Azken gobernu bileran, angularen arrantza profesionala arautzen duen dekretua onartu dute. Ekologistak eskabidea prestatzen ari dira, gobernu berriak behera utz dezan dekretua.

Angulak salgai, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Angulak salgai, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko ekainaren 19a
12:45
Entzun

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakari izendatu aurreko azken gobernu bileran, Eusko Jaurlaritzak onartu du angularen arrantza profesionala arautzen duen dekretua, eta horrek ekologisten haserrea piztu du, gobernu berriaren jarduera baldintzatuko duen neurria delakoan. Eguzkik eta Mutriku natur taldeak leporatu diote Jaurlaritzari angula arrantza «profesionalizatu» nahi izatea, eta horrekin «izkin» egin nahi izatea Europako Batasunak 2023ko urtarrilean angularen aisialdiko arrantzaren gainean ezarritako debekuari, «aisialdiko arrantza izan baita urteotan Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean egon den angula arrantza mota bakarra».

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, «angularen arrantza profesional eta arduratsua» bermatu nahi du, eta, horretarako, «angularen arrantza jagolea» izenekoa sortu nahi du dekretuaren bidez, «harrapaketa mugatu eta kontrolatuak» ezartzeko. Horren arabera, arrantzan arituko diren profesionalek lizentzia lortzeko aukera izango dute, eta harrapaketen koaderno bat eduki beharko dute, harrapaketen pisua, erabilitako arrantza tresnak eta arrantzaren data eta ordutegia idazteko. Lizentzia pertsonala eta besterenezina izango da, eta zona jakin bakar baterako emango dute. Arrantza denboraldia urtero zehaztuko da, «irizpide zientifiko eta teknikoen arabera». Arrantzatzeko arroak honako hauek izango dira: Artibai, Bakio, Butroe, Deba, Areeta, Lea, Oka, Oria eta Urola.

Ekologistak, baina, ez daude ados «arrantza jagolea» kontzeptuarekin, eta uste dute «biodibertsitateari egindako ageriko erasoa mozorrotzeko» trikimailua dela: «Jaurlaritzak ziria sartu nahi digu. Sinetsarazi nahi digu angula modu profesionalean, hau da, irabaziak helburu, arrantzatuko dela, baina soil-soilik espeziearen beraren hobe beharrez».

Eguzkik eta Mutriku natur taldeak adierazitakoaren arabera, kontzeptu hori erabiltzea «alibia» da angula arrantzaren debekua gainetik kentzeko: «Espeziearen populazioaren jarraipena egiteko ez dago zertan angulak uretatik atera, are gutxiago urrearen prezioan saltzeko eta jateko».

Sailburu berriari «dejada»

Iñigo Urkullu buru duen gobernuak azken bileran hartutako neurria izan da, gobernu berria eratu aurretik. Horregatik, ekologistek uste dute erabakia «sailburu berriari zabalean egindako dejada» izan dela, hark kudeatu beharko baitu afera ardura hartu ostean. Ekologistek iragarri dute dekretua bertan behera uzteko eskabidea prestatzen ari direla, eta sailburu berriari, «edozein dela ere», aurkeztuko diotela, «mahai gainean jar dezan kargua hartu bezain pronto». Gainera, aingira Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan sartzeko ere eskatuko dute.

Ekologisten arabera, sailburu berriak «aukera bikaina izango du erakusteko biodibertsitatea benetan aintzat hartzen duen, ala diskurtsoak hanpatzeko erabiltzen diren bost duroko hitz potolo horietako bat baino ez den».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.