Europako Parlamenturako igandeko bozak ia oharkabean igaro dira Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herritarren artean. Bozkatzeko eskubidea zuten ia herritarren erdiek uko egin diote parte hartzeari. Hiru lurraldeetan %48tik gorakoa izan da abstentzioa. Europako Batasunarekiko interes handirik gabeko giro horretan, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen Errepublika Martxan alderdia izan da nagusi, bozen %25ekin. Orotara, boto gehien jaso dutenen artean Europa Ekologia alderdia izan da bigarrena. Botoen %16,1 eskuratu ditu, eta gorakada nabarmena izan du 2014ko hauteskundeekin alderatuta. Orduan baino 7.000 boto gehiago jaso dituzte ekologistek. Gora egin du eskuin muturreko Batasun Nazionalak ere, eta bozen %14,5 jaso ditu. Marine Le Penen alderdia hirugarren indarra izan da, baina bigarren postua lortu du Zuberoan, aurreko bozetan baino 3.000 boto gehiago jaso ditu.
Hiru alderdi nagusien atzetik, Eskuina eta Zentroaren Batasuna (%8,7), PS-Plaza Publikoa (%7,4) eta Frantzia Intsumisoa (%5,4) izan dira laugarren, bosgarren eta seigarren indarrak. Babes apalagoa lortu dute Belaunaldik (%3,5), Frantzia Zutik-ek (%2,4) eta Alderdi Komunistak (%2,2). Informazio osoa herriz herri ikusteko aukera dago Berria.eus-en hauteskundeetarako orrialdean.
Ordezkari abertzalerik ez
Alderdi abertzaleek ez dute hautagaitzarik aurkeztu Europako bozetarako. EAJk François Alfonsi korsikarra buru duen Europa Ekologiaren zerrenda babestu du, eta pozik agertu da hark lortu duen emaitzarekin. Alderdi jeltzalearen esanetan, «Ipar Euskadiren interesen defenditzeko ezinbesteko enbaxadorea bilakatzen da». EH Baik, berriz, militanteei askatasuna eman zien nahi zuten zerrenda bozkatzeko. Erabakia hartzeko egin zuen batzarrean, berriz, alderdi ekologista babestearen alde agertu ziren kideen %31.
Hain zuzen, EAJko eta EH Baiko jarraitzaile ugariren botoak azaltzen du neurri batean Europa Ekologiak izan duen gorakada. Baina ez da arrazoi bakarra: azken hilabeteetan klima aldaketaren auziak hartu duen garrantzia ere aintzat hartzekoa da. Izan ere, igoera Europa osoan izan dute, oro har, azken hilabeteotan sortu den klima aldaketaren kontrako mugimenduari esker.
Eskuin muturrak ere gora egin duen arren, ez du izan Frantziako Estatuan besteko gorakadarik. Hirugarren tokian geratu da gune gehienetan. Zuberoan, baina, bigarren.
Oso bestelakoa da, ordea, eskuin eta ezker klasikoaren egoera. Izan ere, biek jo dute hondoa. Eskuin klasikoaren gainbehera izan da, hala ere, handiena. Batez ere, duela bost urte UMP alderdia lehenengo indarra izan zela aintzat hartuta.
Ipar Euskal Herrian 120.368 boto zenbatu dira guztira, eta horietatik 100.000 baino gehiago dagozkio Lapurdiri (kopuru osoaren %83,7). Hain justu, lurralde horretan lortu du Macronen alderdiak emaitzarik onena. Botoen %25,8 bildu ditu, eta ia 10.000 botoren aldea atera dio bigarren indar Europa Ekologiari (%16,5). Hirugarren, baina gertu, Batasun Nazionala izan da, botoen %14,8 eskuratuz.
Nafarroa Beherean, emaitza apalagoa izan du Errepublika Martxan-ek. Botoen %21,7 eskuratu ditu, baina alde handiarekin irabazi du, hala ere. Ia sei punturen aldea atera dio Europa Ekologiari (%16,8). Batasun Nazionalak ere ehuneko txikiagoa lortu du Lapurdin baino (%13,4), eta beste bi lurraldeetan baino indartsuago agertu da Eskuina eta Zentroaren Batasuna, botoen %12,9rekin —%8 inguru lortu du Lapurdin eta Zuberoan—.
Zuberoan ere Macronen alderdia nagusitu da, hiru lurraldeetan lortu duen botoen ehuneko txikienarekin: %21. Berezitasunik handiena, baina, bigarren eta hirugarren indarren artean izan da. Marine Le Penen Batasun Nazionala izan da bigarrena, Europa Ekologiarekin ia berdinduta gelditu bada ere. Botoen %11,97 eskuratu ditu, eta %11,6 ekologistek. 21 botoren aldea izan da bien artean. Eskuin Zentroaren Batasuna (%8,4) eta Europa Ekologiako eta Sozialerako Gogoa (%8,1) izan dira segidan boto gehien bildu dutenak.
Boto banaketa antzekoa izan da hirigune nagusiei erreparatuta ere. Dena den, bada salbuespenik. Maule da horietan esanguratsuena, Alderdi Komunistak hautagaitzak hartu baitio aurre eskuin muturrari. Salbuespenak izan dira baita Senperen, Bokalen, Hazparnen eta Kanbon ere (Lapurdi). Batasun Nazionala nagusitu da horietan.
Europako Parlamenturako hauteskundeak. Ipar Euskal Herria
Ekologistek eta eskuin muturrak gora egin dute
Errepublika Martxan-ek irabazi ditu Europako hauteskundeak Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan, bozen %25ekin. Bozkatzeko aukera izan duten ia erdiak, ordea, etxean geratu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu