Tolosako Auzitegian deklaratu behar izan zuten atzo Gipuzkoako Foru Aldundiko bi arduradunek Aralarko pista baten —Goroskintxuraino doana— eraikuntzaren harira. Mendietako zuzendari Arantxa Ariztimuño eta Ingurumen zuzendari ohi Felix Asensio deklaratzera deituta zeudela jakinarazi zuen astelehenean Gipuzkoako elkarte kontserbazionisten topagune Naturkomek, baina, atzo, ekologisten izenean auzibidea daraman Oscar Padura abokatuak azaldu zuen egitasmoaren ingurumen baimena sinatu zuen teknikaria izan zela deklaratzera deitua Asensioren ordez, eta harago egin nahi dutela; Asensiok berak epailearen aurrean deklaratzeko eskatuko dute. Ariztimuñoren deklarazioaren harira, esan zuen gertaeren «bertsio eztitua» eman zuela. Izan ere, pista egiteko prozesu osoa legezkoa izan zela esan zuen.
Ekologisten arabera, ordea, arau hausteak daude pista egin izanaren atzean, eta ingurumen baimena eman zen aurrez horren inguruko azterketarik egin gabe. Horregatik jarri zuten salaketa bat Landarlan eta Eguzki elkarteek, eta instrukzio fasean dago orain auzia. Aldundiko arduradunak lurralde antolamenduaren aurkako delitu bat egin dutelakoan daude ikertuta, eta horren harira deitu dituzte deklaratzera. Asensioren deklarazioa datorren astean eskatuko dute ekologistek. Padurak atzo salatu zuen aldundiak auziari buruzko txosten bat egin duela «diru publikoarekin», eta aurkeztu egin nahi duela orain epaitegian. Aspalditxotik dabil polemika Aralarko pista berrien harira.
Ekologistek diote Aralarko pistez «bertsio eztitua» eman dela epaitegian
Gipuzkoako Diputazioko Mendietako zuzendari Arantxa Ariztimuñoren arabera, dena ongi egin zen. Asensiok ere deklaratzeko eskatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu