Urdaibaiko biosferan Oka ibaiaren arroan gutxieneko ur emaria apaltzea erabaki zuen Uraren Euskal Agentziak iazko maiatzean. Erabakia berehala kritikatu zuten Ekologistak Martxan eta Eguzkik, eta helegite bat aurkeztu zuten agentziaren ebazpenaren aurka, bide administratibotik, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan. Ez zuten lortu neurria atzera botatzea. Sailburuordetzak agentziaren ebazpena berretsi zuen urrian. Hala, bi talde ekologistek auzitara jotzea erabaki dute, eta auzi bidezko helegite bat aurkeztu dute EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean.
Okaren arroa Urdaibaiko biosferaren ardatza da, eta haren emariak eragin zuzena du inguru horretako ekosistemetan. Elkarteek salatu duten erabakia arroaren emari ekologikoaren gainekoa da. Hau da, babestu beharko litzatekeen gutxieneko emariaren gainekoa. Emari ekologikoak zehazten du zer gutxieneko emari jotzen den bertan bizi den faunaren eta landarediaren bizitza bermatzeko ezinbestekotzat. Kantitate hori, lehengoarekin alderatuz, apaldu egin du Uraren Agentziak.
Salatzaileek ohartarazi dute Busturialdean gutxieneko emaria murrizteak kalte handiak dakartzala. «Biodibertsitatea mehatxatzen du argi eta garbi», adierazi dute ohar bidez. Busturialdeak ur hornidura arazoak izaten ditu maiz, bereziki uda garaian, prezipitazio gutxiago izaten delako eta eskualdeko biztanleria hirukoiztu egiten delako 45.000 ingurutik 140.000 ingurura. «Ezin da ahaztu tentsio handiko eremu batean gaudela, eta ibaiek ez dutela gehiago ematen bizitzarako baldintza egokietan gorde nahi baditugu, ezinbestekoak baitira biosferaren erreserba kontserbatzeko», adierazi dute oharrean.
Uraren Agentziak onartutako murrizketak handiak dira, elkarte ekologisten esanetan: %60rainokoak tarte batzuetan. Uste dute ez dela beharrezkoa Oka arroaren emari ekologikoa murriztea, «ezta behin-behinean ere», eta garrantzitsuena iraganetik ikastea dela: «Ostera ez izatea Mape ibaia 2020ko udan lehortu zenekoaren moduko kasurik. Emari ekologikoaren azpitik utzi zuten eskualdea urez hornitzeko, eta fiskaltzak arrisku gisa hartu zuen inguruko faunarentzat eta florarentzat».
«Ezin da ahaztu tentsio handiko eremu batean gaudela, eta ibaiek ez dutela gehiago ematen bizitzarako baldintza egokietan gorde nahi baditugu»
EKOLOGISTAK MARTXAN ETA EGUZKI
Horrez gain, salatu dute Bizkaiko Foru Aldundiak ez duela ezer ere esan auziari buruz, nahiz eta hura den «Urdaibaiko biosferan biodibertsitatea babesteko eskumena duen organoa». Azaldu dutenez, ur emaria murriztu ahal izateko, nahitaezkoa zen foru gobernuaren txosten bat, baina ez dute halakorik ikusi, «behin eta berriz» eskatu arren.
Nazioarteko babesa
Elkarte ekologistek nabarmendu dute Oka ibaiaren eta haren ibaiadarren —Mape eta Golako ibaiak— ibai sare osoa dela Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren parte, eta, gainera, zenbait hezeguneri nazioartean babesa aitortzen dien Ramsargo Konbentzioaren aterpean dagoela. Konbentzio horretan jasotako eremuek babes berezi bat dute hezeguneen kontserbaziorako eta erabilerarako, duten garrantzia ekologikoagatik. Esaterako, ezin zaie aplikatu lehorte egoeretan gutxieneko emariak murriztea ahalbidetzen duen araudia.
Aurkeztu duten helegitean, elkarteek argudiatu dute Ura Agentziaren erabakiak ezin dituela urratu Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoak, Urdaibaiko Legeak, Plan Zuzentzailearen Dekretuak, Europako Batasunaren Natura 2000 Sareak eta Ramsargo Hitzarmenak jasotzen dituzten babes neurriak, agentziaren araudia maila txikiagokoa delako.
Salatu dute Eusko Jaurlaritzak berretsitako erabakiak eta haren antzekoek kalte egiten diotela Urdaibaiko biosferaren ingurumen babesari. Horien artean aipatu dute itsasoaren eta lehorraren jabari publikoaren babesa murrizteko Espainiako Gobernuak eman zuen agindua, 2023ko urrikoa. Salatu dutenez, halako neurriak «luxuzko alfonbra bat» dira «eskualdeko turistifikazio masiboko proiektuak hedatzeko, non Urdaibaiko Guggenheim proiektua bereziki nabarmentzen den».