Ekologistek arbuiatu egin dute adingabeak «ehiza laguntzaileak» izateko EAJren eta PSE-EEren proposamena

Ehizak «indarkeriaren kultura betikotzen» duela deritzote, eta ohartarazi dute ez dela haurrentzako kirola.

Ehiztariak Jaizkibelen, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ehiztariak Jaizkibelen, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
nerea intxausti
2025eko otsailaren 14a
12:30
Entzun 00:00:0000:00:00

«Indarkeria, arriskuak eta kontraesanak». Horiexek ditu ehizak, Ekologistak Martxan taldearen ustez. EAJk eta PSE-EEk asteon iragarri dute bide egin nahi diotela adingabeak «ehiza laguntzaileak» izateari, eta ekologistek kritikatu egin dute proposamen hori, argudiatuta haurrei «animalien aurkako indarkeria» erabiltzea baimentzeak «indarkeriaren kultura betikotzen» duela, eta ehiza ez dela haurrentzako kirola.

EAJk eta PSE-EEk EAEko Ehiza Legearen artikulu bat aldatzeko proposamena aurkeztu zuten asteazkenean, ehizan armarik eta baimenik gabe parte hartu ahal izateko. Ekologistek «erabat arbuiatu» dute neurria, iruditzen baitzaie «atzerapauso larria» dela «errespetuan, enpatian eta kalearen kulturan oinarritutako gizartearen eraikuntzan». Erantsi dute ehiza uxaldietan parte hartzeak arriskuan jartzen duela adingabeen «osotasun fisikoa».

Ekologistek iritzi diote ezen, ehiza kirol jardueratzat hartzen bada ere, kirola arautzen duten funtsezko printzipioak urratzen dituela: «Errespetua, lankidetza, joko garbia eta antzeko balioak sustatu beharrean, ehiza izaki bizidunen jazarpenean eta heriotzan oinarritzen da, eta, hala, normalizatu egiten da indarkeria erabiltzea eta gatazkak indarraren bidez konpontzea».

Ohar batean jakinarazi dutenez, ikerketa zientifiko batzuek diote txikitatik indarkeriarekin harremana izatea lotua dagoela jarrera oldarkorra izatearekin, eta azaldu dute besteen sufrimenduaren gaineko sentsibilizazioa galarazten diela ehizak haurrei, eta enpatiarako garapena ahultzen. 

Arrisku fisikoak ere aipatu dituzte: ehiztariak gertu egon ohi dira ehiza uxaldietan zaurituta edo izututa dauden animaliengandik. Gaineratu dute suzko armak segurtasunik gabeko inguruneetan erabiltzeak nabarmen handitzen duela istripuak izateko arriskua; izan ere, azaldu dute halako inguruneetan adingabeak animatuta sentitu ohi direla ausardia edo trebetasuna erakustera.

«Inkoherentzia politikoak»

Ekologistak Martxan taldekoak harrituta daude proposamen horrek Eusko Jaurlaritzaren babesa duelako: alde batetik, oroitu dute Arabako Batzar Nagusietan PPk aurkeztutako antzeko proposamen baten aurka bozkatu zutela EAJk eta PSE-EEk; bestetik, ohartarazi dute ehizaren kudeaketa foru aldundien eskumena dela eta, beraz, bereziki harritu ditu Jaurlaritzak horretan esku hartzeak. «Koherentziarik eza eta azpiko interesak» edukitzea leporatu diete. 

Erabaki hori atzera botatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, eta, horren ordez, adingabeek naturarekin duten harremana sustatuko duten politikak bultzatzeko, «hezkuntzaren, etikaren eta indarkeriarik ezaren ikuspegitik». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.