Eusko Jaurlaritzak atzo onartutako proiektuak, otsoa kudeatzeko planarenak, kritiko asko ditu. EHNE eta ENBA nekazarien sindikatuek mendiko abeltzaintza alboratzen duela salatu zuten atzo, eta gaurkoan Ekologistak Martxan taldeak ere egin du Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak ondutako planaren aurka. Adierazi du ezkutuko ehiza dela otsoen lehen heriotza kausa ez-naturala, eta horren aurkako neurririk ez hartzea «hutsune larria» dela nabarmendu du.
Talde ekologistak emandako datuen arabera, 1987 eta 2005 artean 63 otso hil zituzten ezkutuko ehizagatik Araban eta Bizkaian. Gogorarazi dutenez, 2016tik hona hiru foru aldundiek uxaldirik baimendu ez duten arren, espeziearen presentzia ez da leheneratu: «Horrek garbi uzten du isilpeko ehiza mehatxu aktiboa dela espeziearentzat». «Mehatxu aktiboa» dela diote, hain zuzen, Arabako fiskalburuak duela gutxi azaldu duelako otsoaren ezkutuko ehiza kasuak ikertzen ari direla. Hori dela eta, «gaitz» horren aurkako neurriak hartzea beharrezkoa dela nabarmendu dute, «presaz».
Ikusi gehiago
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak emandako datuak zalantzan jarri dituzte ekologistek. Araban eta Bizkaian bi otso talde daudela azaldu dute, baina Ekologistak Martxan-ek nabarmendu du errolda hori neguan egiten dela, eta ez dutela kontuan hartzen udaberriko errolda. Ezberdintasun hori funtsezkoa da ekologistentzat, udaberrian ugalketarako taldeak osatzen baitituzte otsoek. «Udaberrian jarraipen egokirik egiten ez bada, baliteke otsoen populazioen egoerari buruzko errealitatea desitxuratzea, eta egonkortasunaren edo errekuperazioaren inpresio faltsua sortzea».
Esan dute «onartezina» dela neurriak datu «osatugabeetan eta zehaztugabeetan» oinarrituta hartzea, eta, horri ezkutuko ehizaren aurkako neurririk eza gehituta, ekologistek zalantzan jarri dute otsoaren kudeaketa plana zenbateraino izango den eraginkorra.