Ekologistak Martxan taldea ez dago ados Arabako Foru Aldundiak Azazetako parke eolikoari buruz egindako txostenarekin. Taldearen erranetan, «oso eztabaidagarria» da txostena aldekoa izatea, dokumentuak berak azaltzen baititu proiektuaren arriskuak: «Zortzi aerosorgailuetatik hiru sentsibilitate handieneko eremu batean daude, eta gainerakoak (bost) oso sentsibilitate handikoetan, eta, gainera, desagertzeko arriskuan dauden espezieentzat (sai zuria eta miru gorria, esaterako) eremu kritikoa den batean proiektatuta daude».
Hala ere, taldea ez da harritu dokumentuaren emaitzarekin, eta «Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren azken urteetako jarduera guztiak Iberdrolari jarritako oztopoak kentzera bideratu» direla azaldu du. Hori lortzeko hiru urrats egin direla azaldu du Ekologistak Martxan-ek: eremua Parke Natural izendatzea galaraztea izan zen lehenbizikoa, baina Gasteizko mendien natura baliabideak antolatzeko planak (NBAP) indarrean jarraitzeak proiektua oztopatzen zuen; Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Ondarea Kontserbatzeko Legean artikulu bat gehitzea izan zen bigarrena, eta, haren arabera, NBAP bat bost urtean onartzen ez bada, iraungi egingo da; NBAPa deuseztatu eta Gasteizko Mendien Kontserbazio Bereziko Eremua mendebalderantz zabaltzea zen hirugarrena, ekialdeko eremuak babesik gabe utzita.
«Natura baliabideak antolatzeko planak ezarritako ingurumen balio berberak ditu parke eolikoa jarriko den eremuak, eta parke natural izendatzea gomendatzen zuen. Ez da ezer aldatu», azaldu du taldeak. Horren ordez «ondasun orokorrerako industria instalazio bat» ezarriko dela erran du taldeak, eta instalazio horrek biodibertsitatean eragina izanen duela, «enpresa pribatu baten onerako». Gehitu du proiektua handitzeko eskaera bat ere eginen dutela, Iturrietan (Araba) eraiki nahi ziren errotak bertan jartzeko.