Ekologistak Martxan-ek salatu du galarazi egin dietela Arabako Batzar Nagusietan agerraldi bat egitea

Biocompost de Alava aldi baterako enpresa elkarteak ingurumenean zer eragin duen azaltzeko eskatu zuten agerraldia. Taldeak salatu du erabakia «gizarte zibila isiltzeko saiakera bat» dela.

Arabako Batzar Nagusiak, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Arabako Batzar Nagusiak, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko otsailaren 28a
09:30
Entzun

Ekologistak Martxan taldeak salatu du galarazi egin dietela Arabako Batzar Nagusietako batzorde batean parte hartzea. Azaldu dutenez, agerraldi bat eskatu zuten Lurralde Orekaren eta Lurralde Antolamenduaren Batzordean, Biocompost de Alava aldi baterako enpresa elkarteak ingurumenean zer eragin duen azaltzeko. Horretarako aukera ukatu egin diete, ordea.

Ariniz, Lermanda, Krispiña eta Margaritako administrazio batzarrek hilabeteak daramatzate lanean, Ekologistak Martxan-ekin batera, hala enpresak ingurumen arloan egindako urraketak nola urraketa horiek ingurumenean eta osasunean duten eragina salatzeko asmoz. Orain, kezka areagotu egin da herritarren artean, enpresak beste instalazio bat eraiki nahi baitu gaur egungoaren ondoan. Horren eraginez «eragin negatiboa» are nabarmenagoa izango delakoan daude.

Arazo hori ikusarazteko asmoz, batzordean agerraldi bat egiteko eskatu zuten, baina ezezkoa eman diete. Enpresaren urraketak azaltzeaz gain, beste instalazio bat eraikitzea «erabat arbuiatzen» dutela adieraztea zen asmoa. Taldeak uste du erabaki hori «gizarte zibila isiltzeko saiakera bat» dela, modu bat izkin egiteko «enpresaren ingurumen kudeaketa negargarriari buruzko eta Arabako Foru Aldundiak instalazio berria eraikitzeko hartutako erabakiari buruzko eztabaida publikoari».

«Betoaren atzean» arrazoi jakin bat egon daitekeela iritzi diote ekologistek: «Ekologistak Martxan-ek jendaurrean salatu zuen 2023an enpresari egindako azken ikuskapenean zortzi urraketa identifikatu zituztela». Besteak beste, lizentzietan, ingurumen kudeaketan eta prebentzio neurrietan antzeman zituzten urraketak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.