Ekologismoan engaiatzeko deiadarra

Jauzi Ekosozialak antolatuta, II. Ekotopaketak egingo dituzte ostiraletik igandera, Arrasaten. Landuko dituzten auzien artean dira elikadura, garraioa, turismoa, azpiegiturak eta industria.

Lehenengo Ekotopaketetako hitzaldi bat, 2022ko irailaren 30ean, Portugaleteko Sastraka gaztetxean.
Lehenengo Ekotopaketetako hitzaldi bat, 2022ko irailaren 30ean, Portugaleteko Sastraka gaztetxean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko martxoaren 27a
12:37
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Herriko II. Ekotopaketak egingo dituzte bihartik igandera bitartean, Arrasaten (Gipuzkoa), Jauzi Ekosozialak antolatuta. Taldeak azaldu duenez, jardunaldien helburua da jendea mugimendu ekologistan parte hartzera bultzatzea. «Oraindik garaiz baikaude hondamendi ekologikoari buelta emateko». Trantsizio ekosoziala, hobeto bizitzeko lelopean, hitzaldiak, solasaldiak eta kultur ekitaldiak izango dira. Hodei Rodriguez Jauzi Ekosozialeko kideak BERRIAren Kinka podcastean eman zituen prestatu dituzten solasaldiei buruzko xehetasunak.

Ostiralean, 18:30ean, bi hitzaldi izango dira aldi berean, bakoitza leku batean: Borroka zaharrak eta belaunaldi berriak eta Lurra landu, etorkizuna erein izenekoak. Lehenengoan, gazteek krisi ekologikoari aurre egiteko izan dezaketen garrantziari buruz hausnartuko dute. Rodriguezek ohartarazi du gazteak direla ondorio ekologiko larrienak sufritzeko aukera gehien dituztenak. «Beraz, uste dugu ezinbestekoa dela sektore hori mobilizatzea, eta hori da Jauzi Ekosozialaren helburu nagusietako bat». Gazteen ahotsari tokia egin nahi izan diote, eta, horregatik, mahai berean bilduko dituzte Kataluniako Arran gazte erakundeko, Fridays For Future mugimenduaren Bilboko adarreko eta Jauzi Ekosozialeko ordezkariak.

Bigarren hitzaldian, jakiak ekoizteko sistemari erreparatuko diote. Elikagaiak ekoizteko oraingo ereduak ingurumenean zer kalte sortzen aztertzeaz gain, ikusarazi nahi dute nekazari eta kontsumitzaile batzuk nola antolatzen ari diren elikadura burujabetza eta agroekologia bultzatzeko. Hala, Eraindajan, Baladre eta Etxalde elkarteetako kideek hartuko dute hitza.

Larunbat goizean, 10:00etan, aldibereko beste hiru ekintza izango dira: garraioari buruzko bat, industriari buruzko beste bat, eta azpiegitura handiei begirako bat. Lehenengoan, David Hoyos EHUko Ekonomia irakaslea, Biziz Bizi elkarteko kide bat eta Uxue Jauregi arkitektoa arituko dira solasean, eta aztergai izango dute nola egin egun indarrean den eredutik eredu jasangarriago baterako bidea. Rodriguezek azaldu du garraioarena dela, gaur egun, Euskal Herrian berotegi gas gehien sortzen duen sektorea. «Ikusi dugu azken urteetan etengabe handitzen ari direla isuri horiek. Garraioari lotutako berotegi gasen isuriak 90eko hamarkadakoak halako bi dira orain», nabarmendu du.

«Bide beretik jarraitzen badugu, ondorio ekologiko oso larriak izango dira. Baina uste dugu oraindik antola gaitezkeela zoramen hau gelditzeko»

HODEI RODRIGUEZJauzi Ekosozialeko kidea

Bigarrena industriari buruzko hitzaldi bat izango da, eta Mecaner Herriarentzat plataformako, Gasteizko Talde Antimilitaristako eta LAB sindikatuko ordezkariek parte hartuko dute. Industria gizarteko sektorerik kutsatzaileenetako bat izanik, jarduera hori eraldatzeko proposamenak egingo dituzte, desazkundearen ikuspegitik.

Hirugarren ekintza Porlanomania izendatu dute, eta mendi ibilbide bat izango da, Debagoieneko «garraio azpiegitura erraldoiak» ezagutzeko eta horien eraginaren berri izateko. Rodriguezek iragarri du porlan produkzioak ingurumenean sortzen dituen kalteak ere aztertuko dituztela.«Izan ere, porlana ekoiztearen ondorioz sortzen dira mundu zabaleko berotegi gasen %5 baino gehiago». Horrez gain, hizpide izango dute eraikuntza enpresek zergatik duten «horrenbesteko botere ekonomikoa eta politikoa», eta parada izango da Debagoienean AHTaren eta AP-1 autobidearen aurka izan diren «borroka historikoen» berri izateko.

Goizeko saioen ostean, 12:30ean, turismoari buruzko solasaldi bat egingo dute Donostiako Bizilagunekin plataformako kide batek, eta Andaluziako ekintzaile batek eta Mallorcako beste batek. Rodriguezek azpimarratu du Euskal Herrian jendea mobilizatzen hasia dela turismo masiboaren kalte sozialak salatzeko, baina garrantzitsutzat jo du ondorio ekologikoak ere ikusaraztea. Gainera, ohartarazi du Euskal Herriak «milaka eta milaka turista esportatzen» dituela eta bisitatzen dituzten tokietan kalteak eragiten dituztela horiek ere. «Horregatik ekarri nahi izan ditugu leku horietako ahotsak gurera».

Geroago, 17:30ean, krisi ekosozialari erantzuteko antolaketa herritarrari buruz ariko dira Orain ez da berandu izenburupean, eta Trantsizio Ekosozialerako Batzar Katalaneko, Ostia elkarteko, Biziko eta Jauzi Ekosozialeko kideak izango dira hizlari. Herritarrak antolatzea ezinbestekotzat jo du Rodriguezek. «Egia da etorkizunak beltza dirudiela. Bide beretik jarraitzen badugu, ondorio ekologiko oso larriak izango dira, eta gizarte osoan eragin oso larriak izan ditzake horrek. Baina uste dugu oraindik antola gaitezkeela zoramen hau gelditzeko, eta hori da Jauzi Ekosozialaren helburua».

Elkarte irekia

Igandean, Ekotopaketei amaiera emateko, batzar ireki bat egingo dute. Bilkuraren helburua da jendeari aukera ematea Jauzi Ekosozialera batzeko, eta ideiak biltzea aurreragorako. «Erakutsi nahi dugu Jauzi eragile ireki bat dela, eta jendeak parte hartzea nahi dugula, indartsuagoak izateko eta norabide aldaketa bultzatzeko».

Hain justu, Jauzi Ekosoziala bera sortzeko hazia Euskal Herriko lehenengo Ekotopaketetan erein zen, 2022ko udazkenean, Portugaleteko Sastraka gaztetxean (Bizkaia). Euskal Herriko hainbat eragile eta norbanako bildu ziren, eta erabaki zuten «antolakunde ekologista indartsu bat» eratzea, krisi ekosozialaren inguruko borrokak batzeko.

Handik hilabete gutxira eratu zuten talde ekologista berria, 2023ko urtarrilean, eta barne eztabaida bat abiatu zuten, hausnartzeko dinamikak zer ezaugarri izan behar zituen eta nola funtzionatu behar zuen. Iazko maiatzean aurkeztu zuten Jauzi Ekosoziala, helburutzat hartuta «justizia sozialean oinarritutako trantsizio ekosoziala bultzatzea». Beraz, aurtengo Ekotopaketak izango dira Jauzi Ekosozialak antolatutako lehenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.