Ekoizpen zientifikoa %76 handitu da EAEn 2003tik 2008ra bitartean

Ikerbasquek zientzia jarduna aztertu du, eta txostenean dio mila biztanleko ikertzaile ratioa %0,94koa dela

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
2010eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
«Zientziara berandu samar heldu gara», aitortu du Isabel Zelaa Jaurlaritzako Hezkuntza eta Ikerketa sailburuak. Hori baieztatzen duten hainbat datu kaleratu ditu; esate baterako, honako hau: Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleria aktiboarekiko ikertzaile ratioa %0,94koa da, eta herrialde aurreratuenen batez bestekoaren azpitik dago —Finlandian %2ren gainetik dago eta Europako Batasuna osatzen zuten lehen 15 herrialdeen batez bestekoa %1,15ekoa da—.

Hala ere, badaude datu positibo batzuk ere, hala nola: 2003tik 2008ra %76 igo da ekoizpen zientifikoa EAEn —munduan %34 igo da— eta I+G+B jardueretan dihardutenen kopuruak %69 egin du gora 2000tik 2008ra. Hain zuzen, bide horretan sakondu nahi du Jaurlaritzak aurrerantzean: «Azken urteetan aukera paregabeak galdu ditugu, eta ez gara diru laguntzen deialdi garrantzitsu batzuetara aurkeztu. Etorkizunean hori saihestu behar dugu». Zelaaren arabera, 2011ko aurrekontuetan bikoiztu egin dute ikerketa zientifikorako diru kopurua; 74 milioi euro gastatuko dituzte horretan.

Datu horiek guztiak Ikerbasque Euskal Zientzia Fundazioak zientziaren inguruan landutako txostenean ageri dira. Lehen aldia da zientzia eta ikerketa jardunaren bilakaerari eta egungo egoerari buruzko datuak txosten batean biltzen dituztena.

Txostenak argitu duenez, ikerketa jarduna zientzia klasikoetan oinarritzen da, eta batik bat Fisika eta Kimika eta horrelako zientziak ditu ardatz. Edonola ere, azken urteotan Biomedikuntza eta Informazio Teknologiak gisako diziplina berrien aldeko dibertsifikazioa gertatu da, eta GizarteZientzien eta Humanitateen aldeko interesak ere gora egin du.

EHU eragile nagusia

2002tik 2009ra bitartean Euskal Herriko Unibertsitatea izan da eragile zientifiko nagusia. Hala, ekoizpen zientifikoaren %70 nazioarteko aldizkarietan argitaratu da, tesi gehienak EHUn irakurri dituzte (1.840 ikertzaile berri izan dira), eta EHUk oinarri zientifiko eta teknologikoko 39 enpresa sortzen lagundu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.