«Ekitatearen» aldeko jardunbideak nabarmendu ditu Pedrosak aurrekontuen aurkezpenean

3.247 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean; aurreko ekitaldian baino 121,6 milioi gehiago dira; alegia, %3,9 handituko da, oro har, Hezkuntza Sailak izango duen dirua.

Begola Pedrosa Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Begola Pedrosa Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
arantxa iraola
2024ko azaroaren 5a
21:25
Entzun

«Berritik asko du aurrekontu honek», adierazi du gaur Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak Eusko Legebiltzarrean, 2025eko ekitaldirako aurrekontuen aurkezpenean. Iazko abenduan onartu zen Hezkuntza Legea, EAJren eta PSE-EEren botoekin, eztabaida prozesu luze baten ostean, eta sailak propio nabarmendu du lege hori onartu osteko lehen aurrekontuak direla hauek. Legeak ezarritako irizpideetan aurrera egin beharko da aurrekontu hauen bitartez, beraz. Hezkuntza sisteman «ekitatea» lortze aldera bideratu nahi diren jarraibideak nabarmendu ditu propio sailburuak.

3.247,5 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du; aurreko ekitaldian baino 121,6 milioi gehiago izango dira; alegia, %3,9 handituko da, oro har, Hezkuntza Sailak bere asmoetarako izango duen dirua. Besteak beste, langileei bideratutako kapituluak 1.793,2 milioi dituela nabarmendu du sailburuak. Aurreko ekitaldian baino 52 milioi gehiago dira. «Aurrekontu osoaren %55 da», zehaztu du Pedrosak. Adierazi du lantaldea «zaintzeko» borondatea argia dela, eta horren ondorioa dela igoera.

«Ekitatea» lortzera bideratuta, bereziki, Eskola Denontzat jardunbidea nabarmendu du Pedrosak; beken politika eta jantokiko eta garraioko zerbitzu osagarriak biltzen ditu, ikasleen «aukera berdintasuna» helburu gisara hartuta. 137 milioi bideratu dituzte propio zeregin horretarako. Eman dituen kopuruetan sare publikoaren aldeko konpromisoa argia dela esan du: «Datuek hitz egiten dute oso garbi». Haurreskolak Partzuergoaren «doako» zerbitzuaren aldeko konpromisoan ere segituko dela zehaztu du, eta 79,6 milioiko inbertsioa egingo dela hor.

Nabarmendu duen beste programa Hezkuntza Eraiki 2030 izenekoa da. 168 milioi euro dituzte horretarako. Hor, obretara bideratuko den dirua izango da gehien: 106 milioi gehiago izango dira. «Ikastetxeak irisgarriak, energetikoki eraginkorrak eta iraunkorrak» izatea helburua.

Lege berria osatzeko prozesuarekin batera ezarri diren helburuekin lotuta, Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutua «definitzea» da beste «mandatuetako» bat, eta sailburuak esan du 27 milioi bideratuko dituztela hori garatze aldera. Euskara irakasteko bide berriak eta estrategiak ez ezik, gainerako hizkuntzei ere erreparatuko zaiela zehaztu du. «Irakasleen prestakuntza» izango da hor gakoetako bat, eta «ingelesaren metodologietan eta programa berritzaileetan» ere egin nahi da aurrera. Gogora ekarri du, hala ere, euskarak hezkuntza sisteman izan behar duen «zentralitatea».

Indartzeko programak

Hezkuntza sistema hobetze aldera, berrikuntza etengabean, «ikasteko zailtasun espezifikoak identifikatzeko prestakuntza eta irakurmena, matematika eta ulermena indartuko duten programak» iragarri ditu. Besteak beste, PISA azterketaren emaitzak aintzat hartuta egindako gogoeten emaitza direla azaldu du. Estrategia digitalerako, bestalde, 56,5 milioi izango dira.

Lanbide Heziketa «erreferentziako» eredu nahi dutela gogoratu du, eta Lanbide Heziketarako Estrategia berrirako 124 milioi euro bereizi dituzte. Erronketako bat «talde zaurgarrienen» sarbidea sustatzea izango da: migratzaileak, eta dibertsitate funtzionala duten pertsonak, besteak beste. Aurreko ikasturtean aurkeztu zuten horretarako aldaketa bat Lanbide Heziketan, moldatu egin zuten lehen sarbidea, eta hor lanean jarraitzea da asmoa.

Gainerako talde politikoetako ordezkarien hitzei erantzunez, adierazi du Hezkuntza Legearen «printzipioak» aintzat hartuta egin direla aurrekontu hauek, itunpeko eskolak-eta «egokitzen» ari direla hor ezarri diren irizpideetara, eta horretan sakontzea dela helburua. «Ikastetxeak lanean ari dira, kultura aldaketa bat ere eskatzen du honek guztiak», esan du: «Eman diezaiegun aukera ikastetxeei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.