Datorren uztailaren 12an 25 urte beteko dira ETAk Ermuko (Bizkaia) PPko zinegotzi Miguel Angel Blanco hil zuela. 1997ko uztailaren 10ean bahitu zuen Blanco, Ermuan. 16:00etan egindako dei baten bitartez, 48 orduko epea eman zion Jose Maria Aznarren gobernuari euskal presoak Euskal Herriratzeko, zinegotzia aske uztearen truke. Espainiako Gobernuak entzungor egin zion ETAren exijentziari. Lasarte-Oriako kanpoaldean agertu zen Blanco, bi bala zaurirekin.
«Gertakari hura ez ahazteko», Juan Carlos Abascal Ermuko alkateak «anbizio handiko baina beharrezko programa» aurkeztu du gaur goizean, Ermuko Izarra Centre eraikinean. Datozen hilabeteetan bost erakusketa egingo dituzte: El terror a portada, egunkarietako azalez osatuta; ETAren biktimekin eta ETA amaitzeko lanean aritu ziren gizarte-mugimenduen testigantzen inguruko erakusketa; Miguel Angel Blanco bahitu eta hil zuteneko egunetan herrian bizitako uneen inguruko argazki erakusketa; Udalak jasotako elkartasun adierazpenen erakusketa; eta, azkenik, Espainiako Estatuko segurtasun indarrak omentzeko erakusketa. Horrez gainera, hainbat hitzaldi, solasaldi eta dokumentalen proiekzio ere egingo dituztela aurreratu dute. Egitaraua ekitaldi instituzional batek borobilduko du, baina oraindik lanean dabiltzala kontatu du Ermuko alkateak: «Dena prest dugunean emango dugu ekitaldiaren berri, baina indartsua izango da».
Alkatearen hitzetan, «askatasunerako eta demokraziarako bidean egindako egunak» gogoratzeko balioko du urteurrenaren inguruko egitarauak, baina, gertakari horrek, «itxaropenerako aukera» ere eman zuela nabarmendu du: «Miguel Angel Blancoren hilketak eragin handia izan zuen herrian, baina egoerari aurre egin, eta beldurra gainditzeko balio izan zuen».
Urteurrenaren bitartez, Sotero Mazo ETAren Ermuko biktima ere omenduko dute, «baita terrorismoaren biktima guztiak ere». Izan ere, alkatearen hitzetan, «oroimena berreskuratzeko ariketa» izango da programa, eta belaunaldi berriengana ere iritsi nahi dute: «Ondarea, memoria eta gertatutakoa transmititzeko ardura dugu, berriro gerta ez dadin». Era berean, Florencio Dominguez Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroko zuzendariak adierazi du gazteriaren zati handi batek ez duela «terrorismoaren historia» ezagutzen, eta azpimarratu du «indarkeriaren justifikazioa ezjakintasuna baino askoz kaltegarriagoa» dela. Programak, beraz, «terrorismoari legitimitatea kentzeko» balioko duela uste du.