Bihar irekiko dute Enpresarean azoka, Orona enpresaren Ideo berrikuntza gunean, Hernanin (Gipuzkoa). Arlo sozioekonomikoaren euskalduntze prozesuan eragitea du xede egitasmoak. Duela sei urte hasi zuen bidea, Rober Gutierrez (Gasteiz, 1970) Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak gogoratu duenez, eta 2012an Gipuzkoako Foru Aldundiarekin itun bat sinatuta «jauzi kualitatiboa» egin zuen. Aurten ekintzailetzari eta finantzaketa aukerei helduko die.
Sei urte ditu Enpresarean egitasmoak. Aldaketarik sumatu al duzue epe horretan?
Euskarak enpresa munduan gero eta presentzia handiagoa izatea helburu nagusi izanik, bezero potentzialen kopurua ez da handiegia. Dena den, azken urteetan gero eta gehiago dira.
Euskara erabiltzen zuten enpresak aktibatzeko eta sarean ehuntzeko balio izan du orain arteko lanak?
Enpresak nahiko bakartuta egon dira: bakoitzak ahal zuena egin izan du. Urratsak egin dira, diru laguntzen edota Bai Euskarari Ziurtagiria proiektuen bidez.
Zeintzuk dira arazo nagusiak?
Enpresa batek erabakitzen badu euskaraz lan egitea, hori ahalbidetuko dioten kanpoko enpresa batzuk ere behar ditu: komunikazio enpresak, aholkularitzak... Hori izan zen duela sei urte hasi genuen bidearen motibazio nagusia. Egoera aldatzen ari da. Gero eta zerbitzu enpresa gehiago ari dira jabetzen euskarazko zerbitzuak emateak erantsitako balioa duela. Helburua da sare hori handitzea, eta beste enpresa mota batzuetara heltzea.
Zein enpresa motan dago erronka nagusia oraintxe?
Euskaraz lan egiten duten enpresak tamaina txikikoak izan ohi dira: zerbitzuak eskaintzen dituztenak, malgutasun handiagoa dutenak. Langile asko dituen industria batean zailagoa da euskara lan hizkuntza izatea. Egia da atal batzuetan posible izan daitekeela lan batzuk euskaraz egitea; alde horretatik, urratsak egiten ari dira. Dena den, enpresa txikiak hobeto egokitzen dira.
Enpresa txikien ideiatik tiraka helduko diozue aurtengo Enpresarean azokan ekintzailetzari?
Administrazioetan ekintzailetza bultzatzen ari dira: unibertsitatean, Lanbide Heziketako eskoletan... Finantza erakundeak ere ari dira horretan, baina inork ez du zehazten zein hizkuntzatan. Gure zeregina da euskararen presentzia ziurtatzea ekosistema horretan. Ekintzaileak behar dira Euskal Herrian, baina, ahal dela, euskaraz ekingo dutenak.
Euskaraz ekiteak zailtasun gehigarria al dakar?
Ekintzailea ohituta dago mota horretako proiektuetan murgiltzera. Gazteleraz ekiten badu ere, beste hizkuntza batzuk gehitu beharko dizkio. Edozein enpresa ekinbidetan hizkuntzak kudeatu beharko ditu. Zergatik ez ekin euskaraz, eta gero beste hizkuntza batzuk bere barnean hartu?
Ekintzaileak asmoa izan arren, finantzaketa beharko du. Nola dago alor hori?
Aurtengo azokan arlo hori landuko dugu, 2014koan gaia atera zelako. Ekintzailetzaren eta finantzaketaren garrantzia antzeman genuen orduan. Finantzaketa iturriak ugaritu egin dira. Eredu diferenteez hitz egin behar da; ez dago eredu bakarra ekiteko, eta ez dago eredu bakarra enpresa ekinbide bat finantzatzeko. Eredu horiek elkarrekin eztabaidan jarri nahi ditugu.
Lana eta euskara uztartzen ditu Enpresarean-ek. Konpartimentu bereizi gisa ikusten al dira oraindik ere?
Hizkuntzak zehar lerro bat izan behar duela esan ohi da, sail guztietara helduko dena. Dena den, hezkuntza munduan izugarrizko inbertsioa egiten ari den arren, lan mundura jauzi egitean inbertsio horrek ez du ezertarako balio izaten. Euskararen normalizazioaren gaia prozesu konpartitua izan behar dela esaten dugu, baina gaur egun ikusten da ez dela hala izaten ari.
Rober Gutierrez. Bai Euskarari Ziurtagiriaren zuzendaria
«Ekintzaileak behar dira Euskal Herrian, euskaraz ekingo dutenak»
Gutierrezek nabarmendu du enpresa batek sare baten beharra duela euskaraz lan egin ahal izateko; hots, zerbitzuak euskaraz eskainiko dizkion beste enpresen beharra: aholkularitza, komunikazioa...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu