Sorterrian hil da Belen Gonzalez Peñalba (Lazkao, Gipuzkoa, 1957Donostia, 2017). Sorterrian, baina ez aske. Espainiako Justiziak espetxe zigor luzea ezarri zion —700 urte baino gehiagokoa— eta 2009an minbizia detektatu ziotenetik, espetxealdi arindua izan du, eta etxean bete du zigorra, baina askatasuna berreskuratu gabe, gaixotasun sendaezina zuen arren. Gaixotasun horren ondorioz zendu zen, atzo goizaldean, Donostiako Ospitale Onkologikoan. Etxean, baina preso.
ETAko kide historikoa zen Gonzalez, 1970eko hamarraldiaren amaieran lotu baitzitzaion erakunde armatuari. Espainiako Poliziaren arabera, 1983an Madril komandoko kide bilakatu zen, eta ETAk Espainiako hiriburuan hamarkada hartan egindako zenbait atentatutan parte hartu izana leporatzen diote.
Baina Gonzalez ezagun egin zen, batez ere, ETAk Espainiako Estatuarekin izandako zenbait negoziazio saialditan parte hartzeagatik, erakunde armatuaren mintzaide gisa. 1989an, Felipe Gonzalezen gobernuarekin Aljerian izandako negoziazioetan, ETAren ordezkarietako bat izan zen Belen Gonzalez, Iñaki Arakamarekin eta Eugenio Etxebesterekin batera.
Hamar urte geroago, Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburu zela, ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko beste negoziazio saio bat egon zen Zurichen (Suitza). Han ere Gonzalez aritu zen ETAren ordezkari, Mikel Albizurekin eta Bixente Goikoetxearekin batera. Kasu bietan, Gonzalez izan zen negoziazioetan parte hartu zuen emakume bakarra.
Deportazioa eta kartzela
Ekintzailea eta negoziatzailea izateaz gain, erbestea, deportazioa eta kartzela nozitutakoa ere bazen Gonzalez Peñalba. Aljeriako elkarrizketek porrot egin zutenean, ETAren ordezkariak Santo Domingora (Dominikar Errepublika) deportatu zituzten. Hamar urte eman zituen han Gonzalezek, oso egoera zailean, harik eta 1998an alde egin zuen arte.
1999ko urrian Pauen (Okzitania) atxilotu zuten, Zipriano Fernandez Garciarekin batera. Gonzalez espetxeratu zuten, eta epaitu zutenean zortzi urteko zigorra ezarri zioten, «helburu terroristadun gaizkile talde bateko kide» izatea egotzita. Frantziako zenbait espetxetan egon zen —Fleury, Rennes, Joux La Ville eta Fresnes, hain zuzen—, eta zigorra betetakoan, Espainiaren esku utzi zuten 2005eko azaroan; han berriro epaitu zuten, eta ehunka urteko zigorra ezarri zioten.
Espainian ere zenbait kartzelatan egon zen: Soto del Realen, Valladoliden eta A Laman (Galizia). Azken horretan zegoela antzeman zioten minbizia. Ebakuntza egin zioten Pontevedran (Galizia), baina ez zuen hobera egin, eta, medikuek gaixotasun sendaezina diagnostikatu ziotenez, espetxealdi arindua ezarri zioten. Geroztik, Lazkaon (Gipuzkoa) egon da, kontrolpean eta etxetik mugitu ezinik erietxera joateko ez bazen.
«Muturreko egoera»
Sareren ustez, Belen Gonzalezen heriotza «gorrotoan eta mendekuan oinarritzen den espetxe politikaren ondorio» izan da, eta politika horrek presoak «muturreko egoerara» eramaten dituela salatu du.
Sarek gogora ekarri du minbizia «espetxean zelarik» sortu zitzaiola Gonzalezi, eta medikuek haren gaixotasuna sendaezintzat jo zuten arren «askatasun osoa eskuratu gabe» hil dela. Antzeko egoeran dauden presoak ekarri dituzte gogora, Ibon Iparragirre eta Manu Azkarate, bereziki: «Ezin dugu onartu salbuespen egoerak heriotza zigor izan daitezen, ezin dugu utzi presoak halako muturreko egoeretara eraman ditzaten», esan dute.
Sortuk ere gogorarazi du Gonzalez «etxean preso, kontrolpean eta oso baldintza zorrotzetan» egon dela heriotzaren unera arte, eta nabarmendu du «langileen, emakumeen eta Euskal Herriaren burujabetza» izan direla Gonzalezen bizitza gidatu duten «ardatz nagusiak».
LABek, berriz, «indarrean dagoen espetxe politika» ikusten du Gonzalezen heriotzaren atzean, eta horrek gaixorik dauden presoen gaia «bere gordintasun osoan» erakusten duela deritzo. «Bake justu eta iraunkor batek eskatzen du sakabanaketaren amaiera, gaixorik diren presoen berehalako askatasuna eta euskal preso guztiak kalera ateratzea eta iheslari eta deportatuak etxeratzea», esan du sindikatu abertzaleak.
AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak Gonzalezen «ibilbide militantea» goraipatu du: «Oso gaztetatik eskaini zion bere bizitza Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokari, eta, kartzelan egonda ere, duintasun eredua izan da», esan dute, eta erantsi dute Gonzalez «preso» hil dela, «espetxealdi arindua ezarrita ere,egunean 24 orduz kontrolpean atxikitzen zutelako eskumuturreko telematiko baten bidez».
Belen Gonzalez Peñalbari azaroaren 26an egingo diote azken agurra, Lazkaoko plazan, 12:30ean.
Euskal Presoak. Belen Gonzalez
Ekintzailea, negoziatzailea, presoa
Belen Gonzalez ETAren mintzaide izan zen 1989an eta 1999an Espainiako gobernuekin izandako negoziazioetan. Atzo hil zen, minbiziak jota, espetxealdi arinduan, baina askatasuna eskuratu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu