«Ibilbide luze eta oparoa» izan da lan mundua euskalduntzea, «harro egoteko modukoa», hain zuzen. Atzera begira jarrita, horrela ikusten du gaur egunera arte egindako bidea Aitziber Salaberria Elhuyarreko euskara planen arlo arduradunak. Hala ere, argi du oraindik ere badagoela zer hobetu, eta horregatik dio lan mundua «heldu beharreko gai estrategiko bat» dela. Izan ere, Amaia Balda Emun kooperatibako koordinatzaile orokorraren arabera, lan mundua gizartearen isla da, eta gaur egungo «normaltasuna erdaretan aritzea da». Egoera iraultzeko, baina, arau sozialei «galga» jartzearengarrantzia nabarmendu du, hizkuntza politikak definituz eta neurriak hartuz: «Euskaraz edo erdaraz funtzionatzearen arrazoietako bat kasu askotan da neurriak hartu diren edo ez diren, baliabideak jarri diren edo ez diren, borondate bat dagoen edo ez dagoen… Horren baitan egoten da hizkuntza batean edo bestean jardutea».
Langileen gogoari eta borondateari erantzunez hasi ziren lan mundua euskalduntzen, langileek bultzatutako ekintza solte batzuen bitartez, hain zuzen: gau eskolak, lantegietan bertan egiten ziren alfabetatze eskolak, sindikatuek euskararen gaineko punturen bat sartzea lan hitzarmenetan... 1980ko hamarkadan, baina, krisi garaian, bertan behera gelditu ziren egitasmo horietako asko, eta, gero, berriro ere «susperraldi bat» gertatu zen. Bigarren fase horretan, eta langileen hasierako ekintza eta nahi horiei tiraka, pixkanaka, metodologia bat joan dira garatuz, euskararen erabileraren eta presentziaren diagnostikoak egin dira, lehenengo euskara planak diseinatu dira sistema baten barruan, eta plan horiek modu profesionalean joan dira garatuz. Ibilbide horretan aholkularitzek jokatu duten rola nabarmendu du Salaberriak: «Uste dut aholkularitzak saiatu garela ibilbide honetan egindakotik ikasten, eta, batez ere, sistematizatzen».
Elkarlana gako. Hasitako bideari segida eman eta «erdaraz funtzionatzea normala izatetik euskarazfuntzionatzera pasatzea» da biek ala biek lan munduan ezartzen duten helburua eta erronka. Hori lortzea, baina, ez dago gizarteko sektore bakar baten esku, eta elkarlanean aritzearen garrantzia nabarmendu dute: «Elkarlanean aritu behar dugu HPS Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, administrazioek, aholkularitzek, euskararen eremuko eta eremu sozioekonomikoko eragileek». Salaberriaren arabera, elkarlan horren adibide da, esaterako, Euskal Autonomia Erkidegoko eremu sozioekonomikoko euskararen plan estrategikoa, 2019-2023ko epealdirako diseinatu zena. Izan ere, elkarlanean diseinatu zuten HPSk, administrazioak, arlo sozioekonomikoko eragileek, aholkularitzek… Horiek horrela, proiektua artikulatzen denean, eskaera egiten denean, baliabideak jartzen direnean, metodologia bat jartzen denean, traktoreak daudenean, elkarlan bat dagoenean... «ikusten da emaitzak badaudela».
Elkarlan horretan, gainera, lanbide heziketarekin eta unibertsitateekin zubiak sortzearen beharra nabarmendu dute. Salaberriaren arabera, «beharrezkoa da elkar elikatzea», horiek direlako etorkizuneko langileak trebatuko dituzten erakundeak. Hala ere, ikasketak amaitu eta lan mundura iristean, egungo gazteek «ez daukate bermatuta euskaraz aritzea», nahiz eta euskarazko gaitasuna izan. Salaberria: «Lan munduan inertzia batzuk daude, ohitura batzuk daude, gaztelaniaz funtzionatzen dutenak. Euskarazko gaitasuna duten gazteei ez badiezu baliabiderik ematen, ez baduzu belaunaldi berrientzako ekosistema hori lantzen, inertzia horretan sartuko dira. Eta belaunaldi berriek ezingo dute beraien kabuz lan mundua euskaldundu». Horregatik, Baldak uste du, besteak beste, Hezkuntzak edo arlo sozialeko elkarteek lan mundua euskalduntzearen gaia mahaigaineratzen dutenean «oso testuinguru egokia» sortzen dela euskara planak martxan jartzeko.
Elkarlanaz gain, lan munduan euskara sustatzeko funtsezkoa da enpresek borondatea izatea. Baina ez borondatea bakarrik, lan mundua euskalduntzeko baliabideak izatea ere ezinbesteko baldintza dela dio Salaberriak: «Azkenean, euskara plan batek eragiten ditu langileak, eta langileak lanean jartzen ditu. Gainera, euskara planaren barruan dauden ekintza horiek guztiak garatzeko dedikazio bat behar da. Enpresak hori asumitu behar du, baita baliabide ekonomikoak ere, ekintzak aurrera eramateko». Hori gauzatu ahal izateko, ordea, sektore sozioekonomikoko erakunde publikoek baliabideak handitzea behar dute. Euskalduntze prozesu horretan, aholkularitzak «bidelagun» direla gogorarazi dute, laguntzeaz gain, proposatu eta enpresak euskalduntzeko bidean «saltoak egiteko» aukera eskaintzen dutelako.
Apustu zehatzagoen bila. Hala ere, sumatu dute kontratazio publikoetako enpresek gehien bat hizkuntzarekiko eskakizunak edo betebeharrak dituztenean jotzen dutela eurengana. Hori, edo erakundeek diru laguntzak eskaintzen dituztenean. Balda: «Eskakizunik ez badago, oso zaila da enpresak guregana etortzea». Eskaerak edo diru laguntzak daudenean, aldiz, nabaritzen dute mugimendua. Erronkaren tamainarekin alderatuta, baina, hartzen diren neurriak ez dira nahikoak: «Esaten dugu lurralde erronka bat dela lan munduan euskara sustatzea, baina kasu honetan, ez zaigu iruditzen tamaina horretako apusturik egiten denik». Izan ere, enpresetan, oro har, artikulatu gabeko ekintza solteak egiten dira euskara sustatzeko, eta ez da egiten plangintza eta apustu jakinik.
Hizkuntzaz harago. «Enpresek euskara sustatzen dutenean ez dute euskara bakarrik sustatzen, uste dut euskara planekin beste onura askoz gehiago eta abantaila gehiago jasotzen dituztela», ohartarazi du Baldak. Izan ere, planak martxan jartzean, langileek lantzen dituzte, besteak beste, talde lana, lidergoa, berrikuntza, ekintzailetasuna eta antzeko beste hainbat konpetentzia. Zeharka, beraz, «abantaila asko» jasotzen dituzte euskara bera sustatuta.
Horrez gain, Salaberriak uste du bezero euskaldunari euskaraz egitea «kalitate gorenaren erakusle» dela, eta bezeroari zerbitzua nahi duen hizkuntzan eman behar bazaio, aukera horietan euskara ere sartu beharko litzatekeela: «Euskara da gure bereizgarri nagusia, euskaldunok baino ezin dugu eskaini, eta euskarak egiten gaitu berezi». Gainera, nabarmendu du enpresek hizkuntzak kudeatu behar dituztela, bereziki globalizazioaren garaian. Horrela, nazioartera hedatzen ari den enpresa batentzat euskara kudeatzea, oztopo bainoago, «aukera» gisa ikusten du, horrelako enpresa batek hizkuntzak kudeatu behar dituen heinean, euskara ere kudeatu behar duelako.
Lan munduan aurrerantzean ere euskara sustatzeko, hizkuntza politika ausartagoa eta eraginkorragoa «behar-beharrezkoa» dela uste dute Baldak eta Salaberriak, eta horiek enpresetan ere «oso garbi» definitu behar direla, tokiko hizkuntzan eta erdaretan beteko diren funtzioak adostuz. Politika horrek ahalbidetu, erraztu eta bermatu beharko du euskara lan hizkuntza izatea eta enpresetan euskara zerbitzua ematea.
Horiek horrela, Baldak gogorarazi die enpresetako jabeei, zuzendariei, administratzaileei zein gerenteei euskara planak ez direla bateraezinak euren lan egiteko moduarekin. Are, horrelako plan bat martxan jartzea enpresaren jardunarekin uztargarria izateaz gain, aberasgarria eta eraginkorra ere badela uste du. «Badakit prozesuak luzeak direla, motelak direla, atzera-aurrera askorekin, baina eraginkorrak dira».
Ekintza solteetatik, apustu sendoetara
Lan mundua euskalduntzeko lanean ari dira Amaia Balda Emuneko koordinatzailea eta Aitziber Salaberria Elhuyarreko euskara planen arduraduna. Uste dute hizkuntza politika ausartagoak behar direla horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu