Ekinaldi luze baten omenaldia

Korrikak eta AEK-k Pirritx, Porrotx eta Marimotots omendu dituzte, euskararen alde egin duten lanagatik. Amondok nabarmendu du pailazoak «eragile aktibo bat» izan direla azken 34 urteetan

Pirritx, Porrotx eta Marimotots, atzo eginiko omenaldian, Tolosan. GOTZON ARANBURU / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
HitzEkin izango da 22. Korrikaren leloa, hizkuntza bat hitzekin osatzen den arren, ekintzek eraikitzen baitute hizkuntza baten komunitatea. Horrexegatik, AEK-k eta Korrikak Pirritx, Porrotx eta Marimotots omendu dituzte, euskararen alde «azken 34 urteetan adierazi duten konpromisoagatik eta ekinagatik». Gure Zirkuaren karpan eginiko ekitaldian, Tolosan (Gipuzkoa), Korrikako koordinatzaile Asier Amondok nabarmendu du Aiora Zulaikak, Joxe Mari Agirretxek eta Mertxe Rodriguezek osatutako hirukotearen jardunak «zuzeneko eragina» izan duela gurasoengandik umeengana eta umeengandik gurasoengana euskara transmititzeko garaian: «Haiek transmisioa goitik behera eta behetik gora landu dute; haiek, haien hitzekin, euskarari ekin zioten, eta eutsi egin diote».

«Eragile aktiboak» izan dira pailazoak euskararen sustapenerako, 1987ko abenduaren 24an lehen ekitaldia egin zutenetik, Lasarte-Orian (Gipuzkoa); Takolo, Pirritx eta Porrotx ziren orduan. Amondoren hitzetan, euskara ez zutenean, hizkuntza «ikasteari eta hobetzeari ekin zioten», eta, geroztik, «ahoan ibili dute» hiru hamarkadatik gorako ibilbidean.

Zulaikak, Agirretxek eta Rodriguezek oroigarri bana jaso dute ekitaldian, AEK-ko eta Hik Hasiko kideen eskutik. Modu horretan eskertu nahi izan diete pailazoei azken elkarte horrekin izaniko elkarlana. Pailazoek, berriz, Korrikak eginiko lana txalotu dute, eta euskararen aldeko mezua bidali: «Munduak txorien kantuak behar ditu, baita herrien hizkuntzak ere».

Ekitaldiak, baina, gutxi izan du ohiko omenaldi baten itxuratik, Korrikako Gipuzkoako arduradun Xabier Artolak Gipuzkoako Hitza-ri adierazi dionez, pailazoen «giroko zerbaitetan txertatzea politagoa» iruditu baitzaie: «Pailazoak izanda, haiengana hurbiltzeko edo haiei ere keinu bat egiteko aukera polita zela iruditu zitzaigun Gure Zirkuarekin elkarlanean omenaldia egitea». Hartara, karpara joandakoek —40 minutuan saldu zituzten sarrera guztiak—, Gure Zirkuko lantaldearen ikuskizunaz gain, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Kuikui lan berriaren lagin bat ikusteko aukera izan dute: taldeak azken urteetan izaniko kolaboratzaileen laguntzarekin aurkeztu dute, hain zuzen.

Ekitaldian izan dira euskalgintzako eragile ugari ere, hala nola Topaguneko lehendakari Kike Amonarriz, Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko Maialen Lujanbio, Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao. Han izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko, EH Bilduko, ELA, LAB eta Steilas sindikatuetako, Gure Esku-ko eta Udalbiltzako ordezkariak ere, besteak beste.

Amurriotik

Iaz ziren egitekoak 22. Korrika, baina COVID-19ak eragindako egoerak hura atzeratzera behartu zituen antolatzaileak, eta Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! dinamikak hartu zuen haren lekua. Joan den azaroan, ordea, jakinarazi zuten Amurrion (Araban) abiatuko dela hurrengo ekitaldia, martxoaren 31n, eta, apirilaren 10era bitarte, Donostiara arteko ibilbidea egingo duela.

Aurkezpen ekitaldian presente izan zuten pandemia, eta hark euskararen alorrean izan duen eragin kaltegarria. «Jakitun gara pandemiak euskara ia ezabatu duela errotik plaza ugaritan eta askoren bizitzan», adierazi zuen Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak. Hori ikusita, baina, euskararen «aldekotasuna eta harrotasuna» aldarrikatzeko beharra nabarmendu zuen. Asmo bera du HitzEkin leloak ere: «Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak».

Doinua ere badu egitasmoak. Nere Urbizuk zuzendu du leloaren izen bereko abestia, eta Sustrai Colina bertsolaria arduratu da hari hitzak jartzeaz. Urbizurekin batera, Ane Garciak eta Anarik jarri diete ahotsa hitz horiei. Hala, hiru belaunalditako abeslariak batuta, «helduen eta txikien arteko katearen sostengua eta bitartekaritza irudikatu» nahi izan dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.