Berriki bete da Mauthausen kontzentrazio esparruaren askapenaren 80. urteurrena. Nazien heriotza eremu horretan eta beste hainbatean preso egondako eta hildako hego euskal herritarren inguruko tesi bat egin du Etxahun Galparsorok, eta hil honetan aurkeztuko du Euskal Herriko Unibertsitatean. Aurretik, 2020an, historialari berak Gogora institutuarentzat egindako lan mardulean, nazien esparruetan egondako euskal presoei buruzko datuak azaleratu zituen, eta, orain, Eusko Legebiltzarreko indar politiko nagusiek egitasmo bat jarri dute martxan faxismoaren gordinak infernura bidali zituen deportatuei omenaldia egiteko.
EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Sumarrek erregistratu dute egitasmo hori parlamentuan, uste dutelako biktima horiei ez dietela «merezi duten aitortzarik eman» oraindik. Nabarmendu dute «demokraziaren balioen aldeko borrokan» ibili zirela, eta egungo euskal gizarteak «balio horiek» dituela «oinarri gisa».
Horiek horrela, PPk eta Voxek salbu, legebiltzarreko alderdi guztiek bat egin dute proposamenean, eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuari eskatu diote jarrai dezala «euskal deportatu guztiak bilatzeko eta identifikatzeko lanean», eta haien familiak bilatzeko jardunean ere bai. Gogora-k 2020ko txostenean adierazi zuenez, nazien esparruetan 253 euskal herritar egon ziren preso, soilik Hego Euskal Herria aintzat hartuta. Ipar Euskal Herriko biktimak gehiago dira, baina horiek aspaldi identifikatu eta aitortu zituzten Frantziako erakundeek.
Demokrazia defendatzeagatik
Edonola ere, oso litekeena da Hegoaldekoen kopurua berriro doitu behar izatea, Galparsorok berak BERRIAri azaldu dioenez berriki: «2020an Gogora institutuarentzat egin nuen txostenak 253 pertsona jasotzen ditu. Hori da kopuru ofiziala, baina ekainean plazaratuko dudan tesian 262 pertsona jaso ditut. Aurreko txostenean zeuden batzuk atera behar izan ditut, eta beste batzuk azaleratu eta zerrendara gehitu».
Alderdien proposamenak jaso du herritar horiek deportatu zituztela Mauthausenera eta beste esparruetara, «herritarrek demokratikoki aukeratutako gobernu librearen eredua defendatu zutelako». Eredu hori Eusko Jaurlaritzak —Jose Antonio Agirre lehendakari zela— eta II. Espainiako Errepublikak ordezkatzen dutela ere erantsi dute idatzian, EAJk eta PSE-EEk jakinarazi dutenez.
Alderdien idatziak dio «urte askoan biktimen izenak ahanzturak hartuta» egon direla, eta hau ziurtatu dute: «Deportazioa ez da egon gure memoria kolektiboan»
Idatzi berak dio «urte askoan biktimen izenak ahanzturak hartuta» egon direla, eta «horien esperientziak ezezagunak» izan direla euskal gizartearen gehiengoarentzat. Hori guztia kontuan hartuta, ganberan erregistratu duten proposamenean hau ziurtatu dute: «Deportazioa ez da egon gure memoria kolektiboan».
Erresistentziako emakumeak
Halaber, jeltzaleek, bilkideek, sozialistek eta Sumarrek batera egindako idatzian, gogoan hartu dituzte «erresistentzia ekintzengatik deportatu zituzten hamar emakume». Alderdiek diote emakume izate hutsagatik «isiltasun geruza bat» sortu dela haien inguruan.
Horregatik guztiagatik, idatzia sinatu dutenek uste dute «euskal gizarteak zorra» duela nazien esparruetako deportatuekin, eta dei egin diete «erakundeei, elkarteei eta herritarrei, oro har», parte har dezaten deportatuen aldeko «oroimenean, aitortzan eta omenaldian».
Nazien esparruetako deportatuen inguruko tesia aurki plazaratuko duen historialariak, Galparsorok, duela gutxi ohartarazi zuen horretaz: «Urte gehiegi isilean» egon den memoria berreskuratu eta aitortzeko «garaia» dela esan zuen, eta euskal erakundeek esparruetan bertan egin beharko luketela hori.
Aurretik, martxoan hain zuzen ere, Nazismoaren esparruetara deportatutako euskaldunak gogoan 1945-2025 ekitaldia egin zuten, Irunen, eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak barkamena eskatu zien deportatuen senideei, haien aitortza lehenago egin behar zelako: «Gure ardura da haiek defendatu zuten demokrazia babestea».
Horiek horrela, Eusko Legebiltzarreko indar politikoen egitasmoaren ondotik erakunde mailako ekitaldi bat ere izango dela espero da. Ezin da baztertu, era berean, Mauthausenen bertan ekitaldiren bat egitea, esparru horretan hil baitziren Hegoaldeko deportatu gehienak.