Ekialdebuseko langileek greba egingo dute San Tomas, Gabon eta Urtezahar egunetan

Bidasoa eta Oiartzualdea Donostiarekin lotzen dituen autobus zerbitzuko langileek nahi dute linea horietan ibilgailu gehiago jartzea, eta maizago pasatzea. Avanzak ere lanuzteak egiten segituko du.

Jendea autobus geltoki batean zain, Bergaran, greba egun batean. GORKA RUBIO / FOKU
Jendea autobus geltoki batean zain, Bergaran, greba egun batean. GORKA RUBIO / FOKU
nerea intxausti
2024ko abenduaren 17a
12:45
Entzun

Ekialdebus enpresako langileek hiru greba egun egingo dituzte urte bukaerara bitarte: San Tomas, Gabon eta Urtezahar egunetan. Bidasoa eta Oiartzualdea(Gipuzkoa) Donostiarekin lotzen dituen autobus zerbitzuko langileek linea horietan ibilgailu gehiago jartzea nahi dute, eta autobusak maizago pasatzea.

Izan ere, greba batzordeak ohar batean jakinarazi duenez, autobusen erabiltzaileak %50 ugaritu badira ere autobus kopurua murriztu egin dute. Ohartarazi dute 2011n lau milioi pertsonak erabiltzen zutela Ekialdebuseko autobus zerbitzua urtean, eta aurten hamar milioi erabiltzaile izatea aurreikusten dutela; inoizko daturik handiena. «Ez gara zerbitzu ona ematen ari erabiltzaileei», kexu dira langileak. 

Ibilbidea egiteko denbora gehiago ere eskatu dute, «langileen osasunaren alde». Gaineratu dute abiadura mugak apaldu egin dituztela ibilbidearen zati askotan, eta horrek zaildu egiten duela ezarritako ordutegiak betetzea. Lan karga handiak «estresa» eragiten diela jakinarazi dute.

Hilaren 21ean, 24an eta 31n egingo dituzte lanuzteak, Gabonetako ospakizunak aitzakia hartuta. San Tomas egunean, 21ean, 05:00etan utziko diote lan egiteari, eta hurrengo eguneko 06:30ak bitarte egongo dira geldi. 24an eta 31n, Gabon eta Urtezahar egunetan, 15:00etan utziko diote lan egiteari, eta hurrengo eguneko 15:00ak arte eutsiko diote lanuzteari. 

San Tomas egunerako, eta urtero ohikoa izaten den moduan, gutxieneko zerbitzuetako geltoki batzuk lekualdatuko dituzte. Donostia erdialdekoak kendu, eta Mirakruz kalera mugituko dituzte E01, E02, E05, E09 eta E27 lineetako geltokiak; Askatasunaren hiribidera E08 lineakoak; eta Renferen geltokira E21 lineakoak. 

Avanzan ere bai

Ekialdebuseko langileen lanuzteari batu zaizkie Avanzakoenak ere. Bilbo Donostiarekin eta Debabarrena eta Debagoiena lotzen dituzten autobusetako beharginek hilaren 9an egin zuten greba, eta 20rako, 21erako eta 22rako ere pentsatuta daukate egitea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.