Erlijioak

Ekialde urrunera, misiolari

Jaione Lopez 25 urteko elorriarra Filipinetara joango da, misiolari, uztailaren 26an. Aurretik Kenyan egona da, umeei irakasten eta andreei ahalduntzen laguntzen.

Jaione Lopez misiolari elorriarra, Kenyan, 2018an. JAIONE LOPEZ
Ibai Maruri Bilbao.
2023ko uztailaren 7a
12:48
Entzun

Martitzenean bidali zuen Joseba Segura Bilboko gotzainak, eta hilaren 26an abiatuko da Jaione Lopez elorriara Filipinetara, misiolari. Elorrioko (Bizkaia) beste misiolari baten jaia zen, San Balendin Berriotxoarena, eta haren omenezko mezan ipini zion Segurak misiolari gurutzea Lopezi. 29 urte zituen Berriotxoak 1856an Vietnamera bidali zutenean; 25 ditu Lopezek orain. Misiolaritza asko aldatu da; “gizartea aldatu den neurrian”, Lopezen arabera: “Orain, beste era batera gaude munduan”. Berriotxoak agintarien jazarpena sufritu zuen kristau izateagatik, eta martiri hil zuten. “Nik bizirik itzuli nahi dut”, esan du, umorez.

Urte bi egingo ditu Filipinetan, Berrizko Mesedetako Misiolarien ardurapean dauden hainbat proiektutan laguntzen. Filipinetako moja birekin eta Txinako batekin biziko da. Jatorri eta kultura nahasketa hori atsegin du: “Zenbat eta aniztasun handiagoa egon, orduan eta gehiago hazi gaitezke pertsona gisa, eta hobeto lagundu dezakegu, gure dohainen bidez”.

Hezkuntza arloan ibiliko da, baina baita ekologiarekin lotutako proiektu batean ere. “Ilusioz nago. Nire bokazioa eskoletan lan egitea da, eta hori bete ahal izango dut. Asko ikasiko dudala uste dut”. Gainera, Lopez begetarianoa da, eta iruditzen zaio proiektu ekologikoak ere ekarpen handia egingo diola arlo horretan.

Berriotxoaren aldean, Lopezek ez du kristau doktrina predikatu beharko, baina esan du guztia “fedez” egingo duela. “Kristaua naiz, eta modu horretan biziko naiz: nik ez diot inori ez nire sinesmena, ez beste ezer inposatuko”. Misiolari izateko prestakuntza jaso du, “kristau balioetan” oinarrituta: “Maitasuna errealitate bihurtzen da justiziaren eta berdintasunaren alde lan eginez; beste erakunde batzuekin batera, mundu bidezkoago eta senidekoiago baten alde eginez”.

Lopezek izan ditu aurretik antzeko esperientziak. Umetatik izan du lotura Elorrioko parrokiarekin: gazte taldean ibili zen, eta begirale ere izan da. Baina misiolariekiko lehen hartu-emana Gasteizen izan zuen, irakasle izateko unibertsitate ikasketak egiten ari zela. “Kenyan misiolari zegoen Ekuadorko Matilde Rivera moja marianistaren bizipenak entzuteko aukera izan nuen. Kontatu zigun nola bizi zuen misioa, eta misiolari esperientzia bizitzeko gogoa piztu zidan”. Hala, Bilboko Elizbarrutiko misioen bidez, Kenyako Turkana tribukoak bizi diren Kaikor herrixkara joan zen 2018an, hilabeterako, marianisten eskolan lan egitera.

Esperientzia gustatu, eta 2020an gradu amaierako lana Kenyan egitea erabaki zuen. Martxoaren 9an heldu zen; COVID-19aren pandemiak han harrapatu zuen. “Etxera itzultzea eskaini zidaten, baina pentsatu nuen hemen ezingo nuela ezer egin, eta han bai”. Bost hilabete egin zituen han. Gobernuak berehala zarratu zituen ikastetxeak; beraz, misioak zituen beste proiektu batzuetan jardun zuen. Izan ere, hainbat arlotan aritzen dira: andreen ahalduntzea, umeen zaintza, desnutrizio zentroa, haurtzaindegia, anbulantzia, abeltzaintzaz gain nekazaritza ere bizibide bihurtzeko proiektua… “Batez ere, desnutrizio zentroan ibili nintzen, eta emakumeak ahalduntzeko proiektuetan ere bai, haien independentzia sustatzen eta lana lortzen laguntzen”.

Bizi baldintza gogorrak

“Miseria” bertatik bertara ezagutu zuen: “Gizonak mendian ibiltzen dira animaliekin, eta emakumeak herrixkan bizi dira. Poligamia ohikoa da, eta gizon bakoitzak, batez beste, zazpi ume ditu emazte bakoitzarekin. Emakumeek zailtasun handiak dituzte hainbeste seme-alaba elikatzeko”. Misioan, ahalegintzen dira umeak eskolara joan daitezen, baina ez da erraza. Kontatu duenez, tribuko andreek lepoko asko erabiltzen dituzte, baina neskek kendu egin behar dituzte eskolarako. “Haien kulturaren kontrakoa delakoan, ez dute nahi”. Ostera, elikadura nolabaiteko amua da eskolaratzeko: “Normalean, astean behin baino ez dute jaten; eskolan, armosua eta bazkaria ematen dizkiete egunero”.

Lopezen arabera, tribuko kideek jainkotzat dauzkate misiolariak, arazoak konpontzen dizkietelako. “Hori ez da ona. Gu ahalegintzen gara independentzia ekonomikoa lor dezaten, gero beren kontura bizi ahal izateko. Hasieran, laguntza osoa ematen diegu, baina, gero, apurka-apurka kentzen diegu, autonomoak izaten ikas dezaten”. Esaterako, ortua egiten irakasten diete, batetik, elikaduran barazkiak ere sartzeko, eta, bestetik, saldu ahal izateko.

Kulturen arteko talka sentitu du. “Niretzat oso gogorra zen ikustea 12-13 urteko neskak 50 urteko gizon batekin ezkonduta”. Haren ustez, pazientzia da gakoa: “Sar zaitezke, baina neurri bateraino; bestela, ez dizute utziko laguntzen, eta oztopoak jarriko dizkizute. Apurka-apurka egin behar da lan”. Talka hori bigunagoa izateko, Euskal Elizbarrutietako Misioen prestakuntza jaso zuen: “Erakutsi zidaten munduko egoera zein den; globalizazioak zer ondorio positibo eta negatibo dituen. Nora joango zaren ere ikusten duzu aurretik, eta zer aurkitu dezakezun”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.