Blai eginda esnatu zen atzo Donostia, gaueko ekaitzak eragindako kalteak agerian. Portu aldean izan ziren txikizio handienak, eta Piraten La Flamenka gunea bereziki hondatuta geratu zen. Goizean goiz, biluzik zegoen Nautiko gunea, eta karpa nagusian ere konponketa lanetan ibili ziren. Piratek, gertatutakoa ikusita, laguntza eskatu zuten; izan ere, 90.000 eurotik gorako kalteak izan dituzte. Batiste Ezeiza eta Mireia Mochales bozeramaileen hitzetan, «urte osoko lana eta ilusioa zapuztear egon zen gure begien aurrean. Gertatutakoa kolpe handia izan da, eta jai herrikoien proiektua oso-oso ukituta geratu da». Egitarauan aldaketak egon litezkeela ohartarazi, eta bertaratu eta laguntzeko deia egin zioten jendeari, gertatutakoa konpondu eta festarekin jarraitu ahal izateko. «Orain, inoiz baino gehiago, babesa behar dugu», adierazi zuten atzo emandako prentsaurrekoan. Gainera, kontu korronte zenbaki bat ere eman zuten (3035 0149 45 1490027294), nahi duen orok bere ekarpena egiteko.
Ekaitza 01:00 aldean hasi zen astearte gauean, zaparrada eta haize bortitzarekin. Hiru mila pertsona inguru zeuden La Flamenkan, La Gossa Sorda taldarekin dantzan aritu ondoren, Esne Beltzaren kontzertuaren zain. Baina denboraleak hura bertan behera uztera bultzatu zituen, eta Piratek gunea hustea erabaki zuten, protokoloa betez, segurtasuna bermatzeko. Kaiko sarrerak itxi zituzten, eta, suhiltzaileak eta Ertzaintza iritsi zirenerako, antolakuntzakoak baino ez ziren geratzen han. Gunea ikuskatu ondoren, ekaitza apur bat baretu zela ikusita, jarraitzeko baimena eman zieten; baina, badaezpada, gunea berriro ez zabaltzea erabaki zuten, eta han pasatu zuten haietako askok gaua. Ezeizak esan duenez, «hemen zebilen jendeak eta inguruko tabernariek asko lagundu digute: kafea eta pintxoak ekarri dizkigute goizean, arropa lehorra utzi digute... Asko eskertzen dugu laguntza hori guztia». Bideoa: bart gaueko ekaitzaren irudiak (Donostiako Piratak).
[youtube]http://youtu.be/QJVtXA0mmxY[/youtube]
La Flamenka ez zen izan kalteak jasan zituen gune bakarra. Saguesen, Niña Coyote & Chico Tornado bikoa gogor aritu zen instrumentuak astintzen. Ohorezko gonbidatu bat izan zuten, gainera: Fermin Muguruza igo zen haiekin abesti bat abestera. Urtz taldeak, baina, ez zuen halako zortea izan. Niña Coyoteren kontzertua bukatu, eta musika tresnak jasotzen ari zirela hasi zen enbata. Leku arriskutsu bilakatu zen oholtza, eta instrumentuak han utzita hustu behar izan zuten. Xabi Camarero Urtz taldeko abeslariak, gainera, sorbalda atera zitzaion irrist egin eta erorita, eta denbora beharko du oneratzeko. Kalte materialak ere handiak izan ziren: «Elektronikako tresnak, ziurrenik, ez ditugu berreskuratuko. Uraz gain, kresalak ere kalte handia egin die instrumentuei. Dirutza handia geneukan hor ezarrita, eta, ziurrenik, dena zakarrontzira bota beharko dugu», adierazi du Josu Aristegi Urtzeko bateria jotzaileak. Han bildutakoek ere tentsio momentuak bizi izan zituzten. Batzuk txosnetan babestu ziren, eta beste batzuek korrika egin zuten ihes Zurriola hondartzako pasealekutik. Haizeak gogor astindu zuen Sagues aldea ere, baina udalak erabaki du kontzertuak egiten jarraituko dutela.
Ekaitzaren aurretik, festa
Egunak amaiera tristea izan zuen arren, ekaitzaren aurretik, Donostiako festetan gauero egon ohi den giroa arnasten zen. Suak bukatu, eta zezensuzkoaren ostean, musika eta dantza nagusitu zen hiriko gune guztietan. Gune bakoitzean giro ezberdina, baina jende dezente zebilen denetan.
Konstituzio plazan, Itzartu erromeria taldeak animatu zuen jendea, Gozategi, Pirritx eta Porrotx eta bestelako taldeen bertsioak joz. Jende heldua, haurrak eta turistak ibili ziren han, nagusiki; pandero eta trikitiaren erritmoan, kalejiran, eta fandangoa eta arin-arina dantzatzen. «Ez genekien festak zirenik, baina hemen euskal musika zegoela esan digute, eta, ezagutzen ez genuenez, ikustera etorri gara. Oso doinu alaiak jotzen dituzte; ezin diogu dantza egiteari utzi», esan zuen Ingalaterratik etorritako bikote gazte batek. Plaza jendez lepo zegoen, eta inguruko tabernetako terrazak ere dantzatzen ausartzen ez zirenez bete-beteta.
Parte Zaharretik apur bat harago, Easo plazan, Amets taldeak udako kantak jo eta jo hasi zuen gaua. Jende ugari joan zen hara ere, eta denak aritu ziren taldeko dantzarien modura gerriak mugitzen, bueltaka, eskuak gora eta behera. Haur asko, inguruko barraketan, eta beste zenbait agertoki gainean; ia abeslariak baino hobeto zekizkiten kantak. Behean, gurasoak, eta jende heldua. Clara eta Vicente senar-emazteak trebe zebiltzan dantzan, hurrengo goizean goiz jaiki behar bazuten ere. «Normalean, areto dantzetan aritzen gara, baina helburu nagusia ondo pasatzea da, eta egunero etortzen gara hona», esan zuten.
Kalteak kalte, Aste Nagusia ez da oraindik bukatu, eta aurrera egiteko erabakia hartu dute bai Donostiako Piratek bai eta udalak ere. Egitarauetako ekintzek beren horretan jarraituko dute, donostiarren zein bisitarien gozagarri. Eguraldiak ez du festa etengo.