Ertzaintzak Ekaitz Samaniego gazte gasteiztarra atxilotu zuen atzo, hari elkartasuna emateko Gasteizen antolatutako manifestazioaren amaieran. EspainiakoAuzitegi Gorenak gazte mugimenduan egindako lanagatik zortzi urteko espetxe zigorra ezarri ziola salatzeko eta bere egoera ikusarazteko ezkutatuta zegoen hilaren hasieratik Samaniego. Atzo, baina, hiri erdiguneko saltoki baten kanpoko eskaileretan agertu zen,eta manifestazioan parte hartu zuten ehunka lagunen babesa jaso zuen. Kalean bildutakoen elkartasun beroa eta animoak jaso zituen gazteak txalo eta oihu artean. Laster agertu ziren ertzainak ingurura, eta gaztea atxilotu, eta kotxe batean eraman zuten.
Atxiloketa izan zenean tentsio uneak egon ziren Ertzaintzaren eta bildutako lagunen artean, baina liskarrik ez zen egon. Bilduko zenbait batzarkide eta zinegotzieta Aralarreko legebiltzarkide Mikel Basabe ere izan ziren manifestazioan, Samaniegori elkartasuna ematen.
Izan ere, eragile askoren babesa izan zuen atzoko mobilizazioak eta jendetza bildu zen Eskubide zibil eta politikoen defentsan. Ekaitz etxean zioen pankartaren atzean. 19:00etan abiatu zen manifestazioa Iparralde gizarte etxetik, eta Foruen plazan amaitu zen. Ertzaintzak gertu-gertutik jarraitu zuen manifestazioaren ibilbidea. Gazte gasteiztarraren aldeko oihuak ez ezik, euskal gazteriaren aldeko aldarriak ere nagusiizan ziren.
Bukaerako ekitaldian,«aski da» sentimenduaren inguruan azken asteotan Gasteizen izan den auzolanaren garrantzia azpimarratu zuten antolatzaileek. Eskubideen alde lan egiteagatik gazteen aurkako epaiketak egitea eta espetxera bidaltzea «bidegabea» dela salatu zuten, eta, egoera hori amaitzeko, elkarlanerako deia egin zieten gasteiztarrei. Bidegabekeriak amaitzeko desobedientzia «tresna egokia» dela esan zuten, era berean.
Eskubide zibil eta politikoen alde lan egiteagatik auzipetutako Oarsoaldeko eta Aiaraldeko hainbat gaztekhitza hartu zuten, halaber. Gasteizen eskubideen alde martxan jarritako dinamika «eredugarritzat» jo zuten denek.
Ekaitz Samaniego atxilotu dute, haren aldeko manifestazioaren amaieran
Jendetza bildu da eskubide zibil eta politikoen alde gazte gasteiztarrari babesa emateko martxan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu