Parisko Dei Auzitegiak ekainaren 9an emanen du Jakes Esnal euskal presoaren baldintzapean aske uzteko eskaeraren erantzuna. Baina prozedura gehiago luzatzeko arriskua ikusten du Maritxu Paulus Basurko abokatuak. Auzi saioan epaileak galdera egin du ea ez ote zaion Esnalen eskaerari buruzko beste iritzi bat eskatu behar CPMS Segurtasun Neurrien Diziplina Anitzeko Batzordeari, eta prokuradorea alde agertu da—euskal presoaren askatasunaren kontra dago—. «Prozedura beste bi urtez luzatu lezake horrek», deitoratu du Paulus Basurkok. «Gure argumentuak eman ditugu, eta espero dugu ekainaren 9an askatasun eskaerari buruzko erantzun baikorra lortzea. Baina kezkatuak gara».
Orain dela bost urte abiatu zuen Esnalek baldintzapean aske geratzeko eskaera, 2017ko urriaren 25ean; orain arte egin duen bigarrena da. Halako prozeduretan, presoaren egoera aztertu eta iritzia ematen duten bi egitura daude: CPMS eta CNE Frantziako Ebaluazio Zentroa. CPMSri dagokionez, aukera du azterketa bukatu ondotik presoa CNEra bidaltzea erabakitzeko, baina hautazkoa da berez. Esnalen kasuan ez zuen beharrik ikusi, baina argumentu hori baliatu zuen Dei Auzitegiak 2020ko irailean Esnalen eskaera aztertzeari uko egiteko. Martxoan erabaki horren kontra egin zuen Frantziako Kasazio Auzitegiak: horren emaitza da atzoko auzi saioa.
«Harritua» agertu da Paulus Basurko eztabaidek hartu duten bilakaerarekin. «Ez genuen espero CPMSren beste iritzi bat eskatzea mahaigaineratuko zutenik. Argi gelditzen da denbora galtze bat dela, ez delarik justifikatua. Hainbat argumentu eman ditugu hori ez dadin gertatu». Haren hitzetan, legeak iritzi bat ematea eskatzen du, eta hori badute esku artean: «dosierra erregularra da». Baina gaineratu du bi erakundeek iritzi argirik eman gabe ere har daitekeela aske uzteko eskaerari buruzko erabakirik. «Auzitegia da erabakia har dezakeen bakarra».
CPMSren azterketak urte bat iraun ohi du, baina CNErengana jotzea erabakiko balu, are gehiago izan liteke. Esnalen egoera azpimarratu du Paulus Basurkok: Donibane Lohizuneko presoak 71 urte ditu, eta 32 urte daramatza presondegian. «Egoera izugarria da». Atzo arratsean, dozenaka herritarrek protesta egin zuten Donibane Lohizunen (Lapurdi) Bakegileek deituta.
Ekainaren 9an emanen dute Esnali buruzko erabakia
Parisko Dei Auzitegiak euskal presoaren baldintzapeko askatasun eskaera aztertu du. Prozedura luzatzeko borondatea deitoratu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu