Estatus politikoa

Ekainaren 7an plazak aldarriz betetzera deitu du Hamaika Gara mugimenduak

Herritarrei eskatu diete euren aldarria kartoi batean idazteko eta plazara eramateko. Iragarri dute mobilizazio horren ondoren pixkanaka Hamaika Gara erreferendumaren aldeko sinadura bilketari ekingo diotela berriz.

Hamaika Gara ekimenaren aurkezpena, martxoaren 11n. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko maiatzaren 28a
11:53
Entzun

Etorkizun politikoa erreferendum bidez erabaki ahal izateko, hainbat eragilek sinadura bilketa bat abiatu zuten martxoaren 11n, Hamaika Gara izenpean. Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak abiatu zuen, eta 24 eragile dira orain sustatzaileak. Egitasmoa aurkeztu eta egun gutxira, osasun krisiak baldintzatu zuen: sinadura bilketa aldi batez sustatzeari utzi zioten, eta kalean egitekoak zituzten  mobilizazioak udazkenera atzeratzea erabaki zuten sustatzaileek.

Orain, ordea, mobilizazio batera deitu dute. Izan ere, herritarren aldarrikapenek plaza publikoa berreskuratzeko garaia dela uste du dinamikak. «Premiazkoa da bizi dugun eta datorren krisiari Euskal Herritik eta guztion artean erantzun behar diogula adieraztea, eta tokiko erabaki burujabeak aldarrikatzea». Hori dela eta, Hamaika Gara ekinaldian bat egindako eragileek «herri erantzun bat» emateko deia egin dute. Hain zuzen, eskatu dute herritarrek euren aldarriak kartoi batean idazteko eta ekainaren 7an, 11:00etatik 14:00etara, plazara eramateko eta lurrean uzteko. Horren bidez, herrietako eta hirietako plazak «berreskuratu eta aldarriz bete» nahi dituzte.

Gainera, iragarri dute mobilizazio horren ondoren pixkanaka Hamaika Gara erreferendumaren aldeko sinadura bilketari ekingo diotela berriro, eta udazkenetik aurrera kanpaina indartzeko asmoa erakutsi dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.