Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak iragarri du ekainaren 28an antolatuko dutela herriko bozen bigarren itzulia. Kontseilu Zientifikoak ez du aurkako iritzirik agertu, baina segurtasun neurri oso zorrotzak ezarri ditu bozen egunerako eta kanpaina egiteko. Ekainean birusa gehiegi hedatuko balitz, bigarren itzulia berriro atzeratzeko aukera izango luke Frantziako Gobernuak. Aldiz, uda pasatu eta gero egingo balute, bi itzuliak berriz egin beharko lituzkete, osorik.
Osasun egoera errespetatu beharko dute bigarren itzulia prestatu nahi duten hautagaiek; ondorioz, kanpaina ezingo dute usaian bezala eraman. Christophe Castaner Frantziako Barne ministroak zehaztu du zer neurri hartuko dituzten. Segurtasun neurriak zorrozki aplikatu beharko dituzte bozkalekuetan: metro bateko distantzia errespetatu beharko dute; maskara jantzi beharko dute, eta desinfektatzeko gela egongo da leku guztietan. Bestalde, kanpaina digital bat egitera bultzatu ditu hautagaiak, elkarretaratze fisikoak murrizteko asmoz.
Martxoaren 22an egitekoa zen bigarren itzulia bertan beheiti utzi zuten koronabirusagatik. Martxoaren 15eko lehen itzulia, berriz, mantendu egin zuten, eta, Ipar Euskal Herrian, 18 herritan soilik egitekoa dute bigarren itzulia. Gainontzeko 142 herrietan, lehen itzulitik gailendu ziren zerrendak, bozen erdiak baino gehiago lortu zituztelako. 1.000 biztanletik gorako herrietan, bozen erdiak lortu zituzten zerrendek auzapeza hautatu zuten, eta kontseiluak osatu. 1.000 biztanle baino gutxiagoko herrietan, berriz, herri kontseilurik ez dute oraindik osatu, eta maiatzaren 23tik 28ra artean osatu beharko dute.
Euskal Hirigune Elkargoa ez dute oraindik osatu ahal izan, eta bigarren itzuliaren ondotik moldatuko dute, emaitzen arabera.