Ekainaren 28an egindako bi eraso LGTBIfobo salatu dituzte

Horietako bat Zarautzen izan zen, eta bestea Bilbon. Anoetako Udalak gaitzetsi egin du Bilboko erasoa, anoetar batek jasan baitzuen.

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguneko manifestazioa, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguneko manifestazioa, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
2024ko uztailaren 2a
15:15
Entzun

Ekainaren 28a LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna da, aldarrikapen eta ospakizun eguna, baina egun horretan ere eraso LGTBIfoboak egiten dituzte. Aurten, bi eraso LGTBIfobo salatu dituzte: bat Bilbon izan zen, eta bestea Zarautzen (Gipuzkoa).  

Zarauzko erasoa txosnagunea antolatzen ibili diren eragileek salatu dute. Sanpelaioak bukatu eta biharamunean gertatu zen, txosnagunean Transpelayuak festa ospatu zutenean. Eragile horiek adierazpen batean jakinarazi dute erasoak «egiturazko indarkeriari erantzuten» diola, eta ez dutela onartuko kolektiboaren kontrako erasorik. Ez da aurten Zarautzen izandako lehen eraso LGTBIfoboa, martxoan gizon batek beste bat salatu baitzuen.

Bilboko eraso LGTBIfoboaren biktima Anoetakoa da (Gipuzkoa), eta, hain zuzen, Anoetako Udalak erasoa gaitzesteko adierazpen instituzionala argitaratu du: «Herriko gazte bati eraso homofoboa egin izana arbuiatzen eta gaitzesten dugu». Gainera, «LGTBI+fobia gero eta presenteago» dagoela eta «indar politiko batzuek aniztasun sexualaren eta genero aniztasunaren kontra botatzen dituzten gorroto diskurtsoek ondorio larriak» dituztela gogorarazi du udalak.

Elkarretaratzea Anoetan

Bilbon izandako eraso LGTBIfoboa salatzeko, Anoetako Udalak eta Adi eta So eraso matxisten aurkako behatokiak elkarretaratzea antolatu dute. Herriko plazan egingo da, gaur, 19:00etan. Herritarrak elkarretaratzean parte hartzera deitu ditu udalak, erasoa salatzeko eta biktimari eta haren ingurukoei elkartasuna erakusteko. «Gure gizarteak ezin baitu normalizatu basakeria hau», ohartarazi du adierazpenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.