Ekainaren 28a borrokarako eguna dela aldarrikatu dute karrikan

Ehunka herritar atera dira kalera LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean. EHGAMek 'Pikara' aldizkaria saritu du

Ehunka lagunek bat egin zuten Bilbon E28 Koordinakundeak antolatutako manifestazioarekin. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Borrokarako eguna. Ekainak 28a,LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna, borroka egitekoa dela aldarrikatu zuten atzo Euskal Herrian karrikara ateratako ehunka herritarrek. LGTBI kolektiboek karrikak hartu zituzten aniztasuna aldarrikatzeko, eskubideak eskatzeko, erresistentzia izaten jarraitzen dutela argi uzteko. Erresistentzia, New Yorkeko (AEB) Stonewall Inn tabernan izandako istiluetatik 52 urtera.

«Harrotasunaren eguna borroka eguna da. Gure jatorri antikapitalista eta antipoliziala gogoratzen dugun eguna; Stonewalletik haratago, alfer eta gaizkileen legeaz hitz egiten ari gara, Poliziak hildako Francisez, eta Basaurin eta Zornotzan bizi izan ditugun azken erasoez». Hitz horiekin hasi zen Bilbon E28 Koordinakundeak antolatutako manifestazioa.

LGTBIena klase borroka ere badela nabarmendu zuten Bilbon, eta, langile klasea diren heinean, «ekoizpen baliabideez eta jabetza pribatuaz desjabetuak» izan direla. Gainera, BilbaoBizkaiaHarro izenpean antolatutako jardueretan parte ez hartzeko eskatu zuen Bizkaiko LGTBI mugimenduak, eredu horrek borroka «kapitalizatu eta merkantilizatu» egiten duelakoan, eta mugimendua «despolitizatu».

Bilbon ez ezik, Gasteizen, Donostian eta Iruñean ere egin zituzten mobilizazioak. Iruñean, Intolerantziaren aurrean, erresistentzia transmarikabibollo. Saretuak, borrokan eta harro! lelopean atera ziren karrikara, eta salatu zuten sistema heteropatriarkalak beren gorputzak ito egiten dituela eta beren kontrako bortizkeria «sistemikoa» dela oraindik ere. «Gure bizitzak jokoan daude, eta ez dizuegu atsedenik emango mundu hau askapenean bizitzen uzten ez diguzuen arte». Kolektiboari begiratzeko beharra nabarmendu zuten, eta gorrotoari erantzun bateratua emateko premia aldarrikatu.

Arratsaldean izan ziren manifestazio nagusiak, baina goizean, bai Eusko Legebiltzarrak eta bai Nafarroako Gobernuak bat egin zuten harrotasunaren egunerako deituta zeuden mobilizazioekin. Eudelek, berriz, LGBTI kolektiboa babesteko lege esparruak sortzeko deia egin zuen.

Praktika onen sariak

Urtero bezala, LGTBI harrotasunaren eguna aprobetxatu zuen EHGAMek Urrezko Hirukia etaTrapuzko Espartina sariak banatzeko. Praktika onak saritzen dituen Urrezko Hirukia Pikara magazine aldizkari feministari eman zioten,«feminismo kritikotik askatasun afektibo-sexualen eta genero autodeterminazioaren alde egiten duen kazetaritzagatik». Praktika txarren Trapuzko Espartina, aldiz, Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeari Trans Legeek bidea egitea «oztopatzeagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.