Ipar Euskal Herrian bezala, Hego Euskal Herrian ere aurki ez da kanpoaldean maskararik jarri beharko. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak iragarri du ekainaren 26tik aurrera, bihar zortzi, ez dela izango derrigorrezkoa maskararen erabilera kanpoaldean. Ipar Euskal Herrian atzotik ez da beharrezkoa. Sanchezek azpimarratu duenez, datorren hau izango da, beraz, Hegoaldean maskararen erabilera kanpoaldean derrigorrezkoa izango den azkena.
Bartzelonan egin du iragarpena Sanchezek, ekonomia solasaldi batean. Hor azaldu du ostegunean, ekainaren 24an, ezohiko ministro kontseiluaren bilerara deituko duela, eta hor hartuko dutela erabaki ofiziala. Gaineratu du puntuz puntu ari direla betetzen Espainiako Gobernuak ezarritako helburuak, eta «herritarren alaitasuna» partekatzen dutela agintari publikoek ere. «Gure kaleak, gure aurpegiak, ohiko itxura berreskuratzen hasiko dira», esan du.
Hamahiru hilabete, maskararekin
Iazko maiatzaren 21ean sartu zen indarrean Hego Euskal Herrian maskararen erabilera. Aire zabalean eta erabilera publikoa duten espazio itxietan izan zen derrigorrezkoa egun horretatik aurrera, 6 urtetik gorakoentzat; 3 eta 5 urte artekoentzat maskararen erabilera gomendatu egin zuten. Osasun arazoak dituztenak izan ziren beste salbuespena.
Hasieran, bi metroko segurtasun distantzia ziurtatu ezin zenerako agindu zuten, baina gerora ohikoa bilakatu da maskara kalean, mendian eta hondartzan, parkeetan eta terrazetan, udako oporretan zein eguberrietako ospakizunetan, COVID-19aren transmisioa eteteko.
Txertatze kanpainak, aurrera
Herenegun ere iragarri zuen Sanchezek «laster» utziko zitzaiola maskara kanpoaldean derrigorrez erabiltzeari. Txertaketa kanpaina martxa onean dela argudiatu zuen. Hain zuzen, Hego Euskal Herrian herritarren erdiak jaso dute jada dosiren bat, eta biztanleen heren batek osatu dute pauta.
Gaur arratsaldean Labi bildu da, beste osasun neurri batzuen arintzea aztertzeko. Iñigo Urkullu lehendakariak goizean Euskadi Irratian esan du ez zuela aurreikusten maskararen erabileraren inguruan erabakirik hartzea. Labiren bileran espero liteke, baina, ostalaritzako ordutegiak malgutzea, elkarte gastronomikoak eta txokoak irekitzea, kirol jardueretan publikoa baimentzea eta kultur jardueretako gehienezko edukiera handitzea.