EUSKAL PRESOAK

Ekainaren 18an presoen aldeko manifestazioa eginen du Sarek Iruñean

17:00etan abiatuko da mobilizazioa, Iruñerriko lau lekutatik zutabeak osatuta. Ekainaren 4an herri lasterketa bat eginen dute manifestaziora deitzeko: Iruñeko espetxetik Gazteluko plazara joanen dira korrika.

Nafarroako Sarek gaur Iruñean egin duen agerraldia. SARE
maddi ane txoperena iribarren
2022ko maiatzaren 3a
12:50
Entzun

Euskal presoen eskubideen aldeko Sare mugimendu herritarrak manifestazio batera deitu du ekainaren 18rako: Iruñean eginen dute, eta, manifestazioa bera 18:00etan abiatuko bada ere, aitzinetik lau zutabetan joanen dira abiapuntura, Iruñerriko lau lekutatik. 17:00etan elkartuko dira herritarrak: Decathlon aitzinean, Cordovilla poligonoan, Atarrabian eta Etxabakoitzen; eta, ondotik, Antoniuttin elkartuko dira denak, martxa hasteko.

Euskal presoek oraindik ere jasaten dituzten salbuespen neurriak salatuko dituzte manifestazioan, eta, gaur Nafarroako Sareko kideek Iruñean egin duten agerraldian azaldu dutenez, «elkarbizitzaren eta bakearen alde bat egiten duten herritarrak» bildu nahi dituzte martxan. Etxera bidea, gertu lelopean eginen dute mobilizazioa —lelo bera jarri diote urriaren 8an Donostian eginen duten aldarrikapen egunari—.

Sareko kideek adierazi dutenez, azken bi urteak «garrantzitsuak» izan dira euskal presoentzat: «Urte luzeetan ezarritako urruntze politikaren amaieraren atarian gaudela esan genezake, eta, horrekin batera, salbuespen legedia atzean utzi eta legedi arruntera salto egiteko unea dela». Salatu dute, ordea, kontrako jarrerak ere azaleratu dituela aldaketa horrek, eta oraindik ere badirela «oztopoak». Horregatik deitu dituzte herritarrak karrikara ateratzera: «Aldaketa hau egia bihurtzeko, euskal presoen etxeratze bidean ezarritako oztopo bakoitza salatu eta kalera atera behar dugu». Nabarmendu dute «guztien ardura» dela: «Izan gaitezen aktibo, elkarbizitzarako, bakerako eta etxerako bidean».

Espetxetik lasterka

Ekainaren 18ko manifestazioari «oihartzuna» emateko asmoz, bertzalde, herri lasterketa bat antolatu du Nafarroako Sarek ekainaren 4rako: Iruñeko espetxetik abiatuko da, eta Gazteluko plazan emanen diote akabera. Bortz kilometro izanen ditu guzira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.