Pirinio Atlantikoetako Prefeturak ezarri du eguna: ekainaren 16an izanen dira Beskoitzeko (Lapurdi) Herriko Etxerako bozak. Martxoaren 18ko herriko kontseiluan eman zuen dimisioa Fabienne Aiensa auzapezak, ikastola berria eraikitzeko auziari lotuta. Lehenago dimisio gehiago izanak zirenez, herriko kontseiluak izan beharreko gutxieneko hautetsi kopurua ez zegoen bermatua. Horregatik, herritarrek hauteslekuetara itzuli beharko dute.
Orain dela bi urte piztu zen herriko etxearen eta ikastolaren arteko gatazka. 2013tik prefabrikatuetan den eskolari eraikin sendo bat emateko proiektua aurkeztu zuen Seaskak, baina eraikitzeko baimena ukatu zion herriko etxeak. Gatazkak gorabehera anitz izan ditu, eta, abenduan, ikastolari gaur egun dituen lurrak erabiltzeko baimena kendu zion herriko etxeak. Martxoan, berriz, baimena urtebete luzatzea onartu zuen herriko kontseiluak.
Aiensa 2020ko hauteskundeen ondotik izendatu zuten auzapez. Orduan, ez zen beste zerrendarik aurkeztu bozetara. Oraingoan, maiatzaren 27tik 30era izanen da hautagaitzak aurkezteko epea, eta batzuek aipatu dute balitekeela gutxienez bi zerrenda osatzea. Seaska prest agertu da auzapeza edozein izanik ere harekin lan egin eta ikastola berriaren proiektua adosteko.