Eizagirre, Arkauz eta Jaio karguekin aske utzi ditu Moreno epaileak

Astero aurkeztu beharko dute epaitegian. Igor Uriarte gaur igaroko da epailearen aurretik. Sortuk ohartarazi du «estatu sakonak» ez duela «gatazka gainditzeko borondaterik»

Guardia Zibila astelehenean Zarautzen (Gipuzkoa), Ekhiñe Eizagirre atxilo hartu zuenean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jon olano
2020ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak baldintzapean aske utzi ditu Ekhiñe Eizagirre, Imanol Jaio eta Kepa Arkauz, Guardia Zibilak astelehenean atxilotu eta hirurak atzo epailearen aurretik igaro ondoren. Guardia Zibilaren ikerketan oinarrituta, «helburu terroristarekin lehergailuak izatea» egotzi die, baina uste du ez dagoela hirurek ihes egiteko arriskurik, euren ingurune sozialarekiko duten lotura aintzat hartuta, eta aske egoteak ere ez duela ikerketa bera eragozten. Beraz, Eizagirrek, Jaiok eta Arkauzek ezingo dira atera Espainiako Estatutik, pasaportea kendu diete, eta astero aurkeztu beharko dute Auzitegi Nazionalean edo beren bizilekuetatik gertuen dauden epaitegietan.

Hirurak herenegun atxilotu zituen Guardia Zibilak, Ertzaintzak 2019an atzemandako lehergai batzuekin lotura izan dezaketelakoan. Arraia-Maeztun (Araba) aurkitutako «zulo» hark hamar urte baino gehiago ditu, Poliziaren esanetan.

Herenegun Urruñan (Lapurdi) atxilotutako Igor Uriarte euskal preso ohia, berriz, atzo igaro zen prokuradorearen aurretik, eta bihar epaileak galdekatuko du, 14:00etan. Baionako prokuradoreak BERRIAri baieztatu dio Frantziako Estatuko lurraldean egoteko debekua duela, eta galdeketa egin ondotik epaituko dutela. Uriarte, Eizagirre eta Arkauz 2013ko maiatzean atxilotu zituzten, Montpellierren (Frantzia), ETAko kide izatea egotzita. Uriarteren kasuan, 2017ko irailean epaitu zuten beste bost presorekin batera, eta 2018ko martxoan utzi zuten libre, espetxe zigorra bete ostean, Frantzian.

Espainiak eginiko euroagindu baten eraginez Espainiaratu zuten orduan, baina aske geratu zen Auzitegi Nazionalean deklaratu eta gero. Espetxe zigorraz gain, Frantziaren menpeko lurraldeetan egoteko debekua ezarri zioten, eta horregatik atxilotu zuten asteartean.

Eizagirrek eta Arkauzek ere Frantziako kartzeletan bete zituzten espetxe zigorrak, eta 2017an utzi zituzten libre. Eizagirreren kasuan, Espainiaratu egin zuen Frantziak, baina Auzitegi Nazionalak aske utzi zuen, Uriarte bezala. Herenegun atxilotutako hirugarrena, berriz, Imanol Jaio, 2017an itzuli zen Hego Euskal Herrira.

Haren atxiloketa salatzeko, elkarretaratzea egin zuten atzo Urruñako herriko etxearen aitzinean, 18:30ean, Urruñako Elkartasun Taldeak deituta: «Igor Urruñan bizi da, eta Lapurdin lan egiten du 2018tik. Frantziako Estatuari eskatzen diogu egoera politiko berria kontuan hartu eta ildo errepresiboa behin betiko uzteko. Gure aldetik, Igor eta euskal preso politiko guztiak libre ez dauden bitartean mobilizatuak segituko dugu».

Gatazka «betikotzea»

Eizagirre, Arkauz eta Jaio aske uztea berri ona dela nabarmendu du Sortuk ohar batean, baina «kezka eta haserrea» adierazi du polizia operazioaren aurrean, iritzita agerian utzi duela «estatu sakonak gatazka betikotzeko duen borondatea», eta «estatuko estolderiak, berriz ere», erakutsi duela ez duela «gatazka politikoa gainditzeko inolako borondaterik». Haatik, erantsi du «bake, bizikidetza eta askatasun agertoki berri bat eraikitzeko herri honek duen determinazioa» ez duela «eskuin mutur polizial, judizial eta mediatikoak zapuztuko», eta «berretsi» dute «gatazka politikoari irtenbide demokratikoa emateko ordua» dela, ez «errepresioan tematzekoa».

Bestalde, Maite Araluze eta Carmen Ladron AVT biktimen elkarteko kideak Auzitegi Nazionaleko espetxe zaintzako Carlos Bautista fiskalarekin eta Jose Luis Castro epailearekin batzartu ziren atzo, eta eskatu zieten euskal presoei baldintzak jartzeko onurak eman aurretik: damua azaltzea eta sistema judizialarekin kolaboratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.