EITBren erredakzio kontseiluek euskara «oztopo» gisa irudikatzea egotzi diote Aldekoari

EITBko zuzendari nagusiak atzo Eusko Legebiltzarrean egindako adierazpenen aurka agertu dira kontseiluak, eta eskatu diote atzera egiteko eta esandakoak zuzentzeko. Euskara babesteko eta indartzeko deia egin dute.

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiaren agerraldia, atzo, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiaren agerraldia, atzo, Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
maddi iztueta olano
2025eko martxoaren 27a
19:59
Entzun 00:00:0000:00:00

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak Eusko Legebiltzarrean atzo esandakoen harira, «samina eta etsipena» adierazi dute EITBko erredakzio kontseiluek. Gaur iluntzean kaleratutako ohar bateratuaren bidez, kontseiluek egotzi diote Aldekoari euskara «oztopo» gisa irudikatzea, baita «euskararen kontra zabaltzen ari diren ebazpen eta mezuekin» bat egitea ere. Eusko Legebiltzarreko EITBko Kontrol Batzordean, atzo, Aldekoak esan zuen goi mailako postuetarako euskarazko C1 maila eskatzea «oso zorrotza» dela, eta «mugatu» egin dezakeela hautagaien aukeraketa, «batez ere hedabide digitaletan».

Nagore de los Rios EITBren Social Media eta eitb.eus webguneko zuzendariaren izendapena defendatzeko egin zituen adierazpen horiek; are, aitortu zuen bera izan zela iragan abenduan hura izendatzearen arduradun nagusia. Hain justu, LAB sindikatuak otsailean salatu zuen EITBk aldaketa bat egin zuela EITBren Social Media eta eitb.eus webguneko zuzendariaren lan eskaintzaren oinarrietan: urtarril hasieran euskarazko C1 maila izatea zen lehendabiziko baldintza, eta hurrengo oinarrietan ez zen halako betekizunik eskatzen. EITBko erredakzio kontseiluen arabera, De los Riosek ez du betetzen postuari dagokion hizkuntza eskakizuna (C1), eta gaztelania hutsean hitz egiten du.

Horiek hala, EITBko erredakzio kontseiluek ohartarazi diote Aldekoari atzo emandako diskurtsoa «oso arriskutsua» dela, eta urratu egiten duela «EITBk euskara normalizatzeko egiten duen zeregina». Bestalde, esandakoak zuzentzeko eskatu diote, eta ohartarazi dute euskara «babesteko eta indartzeko» erabakiak «bakarrik» sostengatuko dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.