Zundaketak

EITBren arabera, EAJk bildu du boto gehien Hegoaldean

Espainian Vox hirugarren indarra litzateke.

Aitor Esteban, botoa ematen. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko azaroaren 10a
21:15
Entzun

EITBk egindako galdeketaren arabera, Euskal Herrian EAJ da gehien bozkaturiko indarra Espainiako bozetan. 6-7 ordezkari lortuko lituzkete jeltzaleek. PSE-PSNri 6 ordezkari iragarri dizkio, EH Bilduri, 3 edo 4, beste horrenbeste Elkarrekin Podemosi, Navarra Sumari, bi, eta PPri, bat edo bi.

Inkestak iragarri duenez, Araban EAJk, PPk eta PSE-EEk eserleku bana lortuko dute, eta azken ordezkaria EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen artean legoke. Bizkaian, EAJk 3 edo 4 ordezkari lortzeko aukerak ditu. PPrekin izango du lehia. Alderdi popularrak eserleku bat lortzeko aukerak lituzke, baina bat ere gabe gelditzeko arriskua ere bai.

Gipuzkoan, EAJ eta EH Bildurentzat bina eserleku lirateke, PSE-EErentzat bat, eta Elkarrekin Podemosentzat beste bat. Nafarroan, aurreko hauteskundeetako ordezkaritza bera errepikatuko litzateke: bi diputatu Navarra Sumarentzat, beste bi PSNrentzat, bat Unidas Podemosentzat, eta ordezkaririk gabe geldituko litzateke EH Bildu.

PSOE garaile

Espainian, berriz, PSOEk irabaziko lituzke hauteskundeak. 114-119 ordezkari artean lortuko lituzke, eta aldea aterako lioke PPri. Alderdi Popularrak 85-90 eserleku izango lituzke. Vox izango litzateke hirugarren indarra, eta 56-59 ordezkari artean izango lituzke. Unidas Podemosek, berriz, 30-34 artean eskuratuko lituzke. Ciudadanosek nabarmen egingo luke behera, eta 14-15 diputaturekin geldituko litzateke.

Katalunian, ERCk luke boto gehien, eta 13-14 diputatu eskuratuko lituzke, EITBren inkestaren arabera. PSCk gertutik segituko lioke, 12-13 ordezkarirekin. JxCk 6-7 lituzke, Comu Podemek 5-7, CUPek 3-4, eta Ciudadanosek, PPk eta Voxek bina.

EITBren inkestak jaso duenez, Teruel Existek ordezkari bat izango du Espainiako Kongresuan. Galiziako BNGk ordezkari bat lortzeko aukerak lituzke, baina ez luke ziurtatuta. Egoera berean legoke Kantabriako PRC ere. Coalicion Canariak, berriz, diputatu bat edo bi lortuko lituzke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.