EITBko Administrazio Kontseiluan ez dago adostasunik zentsura kasuaz

Kide batzuentzat, «prebentziozko zentsura» egon da Maddalen Arzallusen bertsoaren aurka. Beste batzuentzat, EITBko zuzendari Andoni Aldekoak «egin behar zena egin du» eduki hori erretiratzean

EITBko langile talde batek zentsuraren aurkako protesta egin zuen herenegun, Bilboko egoitza nagusian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
xabier martin
2022ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Hautsak harrotu ditu EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak Maddalen Arzallusen bertso musikatuak webgunetik erretiratu izanak. Langile batzordeen herenegungo zentsura salaketarekin bat egin dute Administrazio Kontseiluko zenbait kidek, BERRIAk auziaz galdetu eta gero. Halere, ez dago adostasunik kontseiluan. Badira «errelato bat inposatzeko erabakia» ikusten dutenak, eta Aldekoak «egin eta esan behar zena» egin eta esan duela diotenak ere bai.

Aldekoak berak ez du aitortu Arzallusen lana zentsuratu izana, «abestiaren egilea askatasun osoz aritu ahal izan baitzen», baina EITBko langile batzordeak ahobizarrik gabe salatu du zentsura kasu garbia dela kartzelaldi luze baten gainean egindako bertsoaren auzia, eta salaketa horrekin bat egin dute Unai Urruzuno eta Andeka Larrea EITBko Administrazio Kontseiluko kideek. EH Bilduk izendatu du lehena, eta Elkarrekin Podemos-IUk bigarrena; egun, Larreak utzi egin dio koalizio horretako kide izateari. Miren Gallastegik —PSE-EEk izendatua—, aldiz, egokitzat jo du bertsoa erretiratzea. EAJk izendatutako zenbait kideri ere galdetu die BERRIAk, baina ez dute adierazpenik egin nahi izan.

Ikusi gehiago:Analisia: 'EITB eta bizikidetza'

«Aldebakarreko errelato bat inposatzeko nahiarekin du lotura gertatu denak», esan du Urruzunok: «Biktimak hierarkia batean jartzen ditu errelato horrek, ez da inklusiboa, eta, hedabide publikoa izanda ere, EITB lerratu egin da bertsoak zentsuratuta». EH Bilduk izendatutako kontseiluko kideak uste du Aldekoa zuzendariak garbi utzi duela gauza bat: «Ezin duela egon pitzadurarik EITBn errelatoari dagokionez». Haren esanetan, «hedabide publiko batek zentsurara jo du errelato baten zerbitzura jarrita».

Halaber, Urruzunok gogorarazi du euskal irrati telebista publikoaren zuzendaritza «despolitizatzeko helburuarekin» iritsi zela Aldekoa, eta «kontrakoa» egiten ari dela uste du: «Alderdi jakin batzuekin lerratu da; ez dio erreparatu bertsoak dioenari ere. Espetxeko denboraz ari da, baina berdin dio: ez dute nahi inolako tarterik utzi EITB zalantzan jar dadin haren irizpideak direla eta». Administrazio Kontseiluko kideak nahiko luke EITBk «nortasun propioa eta irizpide profesionalak edukitzea herri honetan gertatu dena kontatzeko», baina uste du Gogora institutuarenak baizik ez direla irizpide horiek. «Inork pentsa dezake BBCk alderdien esku uzten duela ildo editoriala?».

«Bertsoak zuritzeko saioa»

EITBk bertsoak erretiratzeko hartutako erabakia zuzen ikusten duten kideak ere badira Administrazio Kontseiluan. Miren Gallastegik, PSEk izendatutako kideak, «argi eta ozen» esan dio BERRIAri Aldekoak «esan eta egin behar zena» esan eta egin duela. «Zentsura akusazioak aitzakia besterik ez dira bertso horiek zuritzeko», haren ustez: «Azkenerako, omenaldi bat dira zigorra bete duen preso bati; zigorra bete du, baina hor dago bere garaian egin zuena, eta omenaldi horrek biktimak mintzen ditu berriro». Gallastegik esan du ezker abertzaleak «biktimak berriro ez mintzeko konpromisoa» hartu zuela; «ez da egiten ari».

«Akatsa da» harentzat bertsoak «giza eskubideen esparruan justifikatzen hastea». Telebista publikoa «denona eta denontzat» dela azaldu du, eta interes publikoari erantzun behar diola: «EITBk konpromiso bat du bizikidetzarekin».

Gallastegik ez du zalantzarik EITBko langile batzordeek egin berri duten zentsura akusazio larrien inguruan: «Erreibindikatzeko eskubidea dute, baina bertsoa kentzeak ez ditu gizartearen zati baten eskubideak mugatu: ez dago zentsuratik EITBn». Gogora ekarri du EITBren Kontrol Batzordea badagoela Eusko Legebiltzarrean, eta «zentsura galarazteko» tresna dela hura: «Jarraipena egiten du batzorde horrek, eta alderdi guztiek osatua dago».

Andeka Larrea, Elkarrekin Podemos-IUk izendatu zuen kontseiluko kidea, ez dator bat PSE-EEk izendatutakoarekin. «Prebentziozko zentsura» da gertatutakoa, harentzat: «Artistak zer adierazi nahi zuen jakin gabe hartu dute erabakia». Zentsura mota guztiak dira kezkagarriak Larrearentzat. «Ezin dugu onartu zentsura, eta are gutxiago arlo artistikoan», esplikatu du. Aldekoaren azalpenek «kezkaturik» utzi dutela ere aitortu du. «Antza, bertsoa mingarria zelakoan erretiratzea erabaki zuen. Baina zergatik hasi dira orain prebentziozko zentsura egiten?». Larreak badaki Arzallusen sormena «gai jakin bati lotua» dela, «baina EITBko zuzendariak ezin du hori epaitu publikoki, gizarteak nola hartuko duen aurreikusita».

ETB1eko aurkezleak Euskadi Irratiko Faktoria saioan urriaren 16an egindako bertso musikatua, Ion Parot euskal presoaren egoeratik abiatua —32 urte egin ditu kartzelan, eta baldintzapean aske dago egun—, EITBko webgunetik kendu zuten. «Bertsoa kendu aurretik eztabaida bat eduki beharko genuen administrazio kontseiluan, lan hori hobeto aztertzeko», uste du Larreak.

Mintzeko helburua zegoen?

Izan ere, EITBren funtzioa da sormen lanak sustatzea, «ez badago mina egiteko helburu argirik» horien bidez. Arzallusek mintzeko asmoa izan zuen bertso musikatu horrekin? «Ez dut oso argi bertso hori inor mintzeko gai den; akaso biktimaren bat minduko zuen? Baliteke, baina ez dut garbi», dio Larreak.

Dena den, «prebentziozko zentsura egin izana da kritikagarria», haren ustez: «Artista bati aplikatu zaio zentsura, eta azken bolada honetan gehiegitan errepikatzen ari da hori. Hau ez da zentsuratzeko kasu argi bat. Ez bada lege bat urratzen duelako, indarkeria goratzen duelako, zentsura alde batera utzi behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.