EITBk «bizikidetza sustatzeko» kendu zuen Paroti buruzko bertsoa

Aldekoak azaldu du biktimak min ditzaketen ekintzak saihestu behar dituela hedabide publikoak

Aldekoa, atzo. EUSKO LEGEBILTZARRA.
edurne begiristain
2022ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Urriaren 14an, Maddalen Arzallus bertsolariak bertsoak kantatu zituen Euskadi Irratian, Ion Parot preso ohiak kartzelan igarotako denbora hizpide hartuta. Eztabaida sortu zuen: hainbatek salatu zuten «terrorismoari gorazarre» egiten ziotela bertso horiek, eta hedabide publiko batean ez liratekeela onartu beharko. Baina ez zen izan polemika bakarra. EITBk bere webgunetik kendu zuen bideoa, eta askok zentsura salatu zuten. Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak azalpenak eman ditu Eusko Legebiltzarrean, eta azaldu du bideoa EITBren webgunera igo eta sare sozialetan zabaldu bezain pronto hartu zela erretiratzeko erabakia, bi arrazoirengatik: Terrorismoaren Biktimen Legearen aurka zihoalako eta EITBk «bizikidetza sustatzeko» konpromisoa duelako.

«Zuzendari nagusia naizen aldetik, ziur nago EITBk argi eta garbi jardun behar duela halako egoeretan eta, ekintzaren batek biktimaren bat mindu dezakeela ikusiz gero, saihestu egin behar duela», esan du. Aldekoak behin baino gehiagotan esan du EITB engaiatuta dagoela «aniztasunarekin», baina beti «bizikidetzaren errespetua» oinarri hartuta. «Nire nahia da EITBko profesionalek euren lana askatasunez egiten jarraitzea, betiere printzipio etiko eta juridikoak bermatuta». Horrez gain, gaineratu du ezin duela bermatu horrelako kasuak ez direla berriro gertatuko, «EITB erakunde erraldoia» baita.

Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkideak Arzallusen bertsoa kantatzeari ekin dio, eta, orduan, Voxeko ordezkari Amaia Martinezek esan du hori «errespetu falta» bat zela, eta batzordetik alde egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.