Euskal Presoak

EITB Maratoian, Ibon Fernandez Iradi presoaren egoera salatu du Sarek

Fernandezi 2013an diagnostikatu zioten esklerosi anizkoitza, eta, artatze desegokia tarteko, haren egoerak okerrera egin du ordutik. EITBren egitasmoa gaixotasun horren aurkako borrokarako baliatuko dute.

2022ko abenduaren 7a
18:16
Entzun

EITB Maratoiaren erronkara batu da Sare Herritarra ere. Komunikazio talde publikoak urtero egiten du elkartasun egitasmo hori, eta, aurtengoan, esklerosi anizkoitzaren aurkako borrokara bideratuko dituzte irabaziak. Gaixotasun horixe du Ibon Fernandez Iradi euskal presoak, eta Sarek parada baliatu du haren egoera salatzeko.

Fernandez Iradiri 2013an atzeman zioten esklerosi anizkoitza, eta, Sareren arabera, artatze desegokia dela-eta okerrera egin du ordutik: «Hemeretzi urte daramatza Ibonek espetxean, eta urriaren 20an Lannemezango espetxetik Martuteneko kartzelara lekualdatu zuten, baina oraindik kartzelan jarraitzen du», gaitzetsi dute.

Plataformak, beste behin, eskatu du euskal presoei ezartzen zaien salbuespen legedia bertan behera uzteko. Haien arabera, nazioarteko legedia eta estandar zorrotzenak kontutan hartuta, «gaixotasun sendaezin oso larria» duen Fernandez Iradik espetxetik atera beharko luke, artatze egoki bat jasotzeko aukera izan dezan.

«Espetxe politikak eta espetxeek bertan preso dauden pertsonen biziaren ardura dute beren gain. Arduraz jokatzea dagokie, berandu baino lehen», eman du abisua plataformak: «Eta bai, guk ere dantzatu dugu, guk ere euripean kantatu dugu, euritan dantzan Ibonen etxeratzea aldarrikatuz», amaitu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.