Hamar urte bete dira ETAk bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri zuenetik, eta, urteurrenaren harira, inkesta bat argitaratu zuen EITBk atzo. Hego Euskal Herriko 1.600 pertsonari, —lurralde bakoitzeko 400 laguni, zehazki— galdetu diete ETAren indarkeriaren osteko aroaz. Besteak beste, ondorioetako bat da, gatazkaren konponbidean egiteko geratzen direnen artean, euskal presoen auzia konpontzea dela gehien babesturiko aukera; bostetik batek hori dute lehentasun. Izan ere, zuzenean euskal presoen hurbilketari buruz galdetuta, babes zabala jaso du aukera horrek; lau herritarretik hiruk egin dute horren alde —beste %10,6k, aitzitik, sakabanaketaren alde egin dute—.
Hamar urte eta gero, oraindik konpontzeke dauden aukeren artean, bigarren aukera da «ETAren eta ezker abertzalearen damua eta aitortza» (%15). Inkestak, ordea, irailaren 28tik urriaren 4ra bitartean egin zituzten; Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak eta Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak ETAren biktimei egindako adierazpena zabaldu aurretik, beraz. Etorkizuneko erronken artean, gizartearen batasuna aipatu dute galdetutakoen %13,8k, eta beste %9k uste dute biktimen arloan ere oraindik bidea egiteko dagoela. Era berean, inkestak itauntzen die herritarrei ea ETAk aitortu beharko ote lukeen eragindako mina bidegabea izan zela, eta hirutik lauk erantzun dute baietz.
Biktimei aitortza
Inkestak galdetu egin die herritarrei ea biktimei nahikoa aitortu ote zaien egia, justizia eta erreparazioa izateko eskubidea: bostetik batek erantzun du baietz, baina beste %58,3k uste dute oraindik ere biktimen aldeko neurri gehiago hartu beharko direla. Gainerakoak ez dira gai auzi horren gaineko iritzi bat emateko.
ETAren jardunaz ere galdetu du EITB Focus inkestak. Esaterako, galdekatutako hiru herritarretik bik uste dute ETAk «lehenago» amaitu behar zuela, eta %12,5 dira uste dutenak ez zituela armak inoiz erabili behar. Aitzitik, %9,5en arabera, «une egokian» utzi zituen armak, eta %0,6k ihardetsi dute «beranduago» etorri behar zela erabaki hura. Era berean, EITB Focusek galdetu du ea etorkizunean badagoen aukerarik «ETAren moduko mugimendu bat» sortzeko: %65,4k aipatu dute ziur ezetz. Haatik, beste %,21,7k zalantza agertu dute, eta adierazi «agian» sor daitekeela, eta %4,7 ziur dira baietz.
Erakunde armatuak ekarpen positiborik egin duen galdetuta, berriz, batez beste 2,7ko nota jarri diote hamar puntutik.
Halere, hamar urte geroago, emaitzek adierazten dute bake prozesua ez dagoela herritarren kezken artean; soilik %2,2k aipatu dute, ekonomiak eta enpleguak eragiten duen kezkatik (%33) edo pandemiak eragindako osasunarekiko kezkatik (%27) oso urrun.
Ideia hori berresten du beste erantzun batek: hamar herritarretik zazpik diote pertsonalki «garai hura gainditu» dutela, eta hamarretik batek azpimarratzen du oraindik ez dutela gainditu. Halaber, gazteenek adierazi dute garai hura ez zutela bizi eta, ondorioz, ez diela eragin (%1,8).
EITB Focusen arabera, presoen hurbiltzea da lehentasuna
Hamar urte geroago, 1.600 herritarri egindako inkestak agerian utzi du egun bake prozesua ez dagoela gizartearen kezka nagusien artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu